argia.eus
INPRIMATU
Bi urte
Taher Ali 2025eko irailaren 24a

Dena aldatu da urriaren 7an Al-Aqsa Uholde Operazioa hasi zenetik. Palestinarrok utzi diogu biktima perfektuen eta terroristen arteko nahasketa izateari, batzuek konturatu nahi ez dutela dirudien arren. Irudi lazgarrien gaindosiak, azkenik, masa handien enpatia erreala eragin du Mendebaldean, eta aurrekaririk gabe handitu da erresistentzia armatuaren zilegitasuna.

Suntsitu da inperialismo garaiezinaren irudia. Genozidioa zuzenean ematen dute lotsarik sentitu gabe, baina batailak galtzen dituzte. Badaude pentsamendu kolonizatu eta konspiranoikoa dutenak, urriaren 7ko erasoaldia Gazako suntsipena justifikatzeko plan sionista gisa definitzen dutenak –nahiz eta aurretik planifikatuta eta iragarrita zegoen–. Pentsamendu hori dutenak ez dira konturatzen, Gaza akabatzeko plan bat izan balitz ere, ondorioak lazgarriak izan direla proiektu kolonialerako. Hain lazgarriak, ezen inperialismoaren porrotaz hitz egin beharko genukeen.

Palestinako, Libanoko, Irakeko edo Yemengo Erresistentziak erabat konprometituta daude inperialismoari aurre egitera eta bere lurraldetik kanporatzera

Tel Aviveko erregimen koloniala erabat gutxietsita eta gero eta bakartuago dago. Suntsitu da Abraham Akordioetan arabiar oligarkiekin bat egiteko saiakera, ezingo dute Ben Gurion kanala eraiki, eta ezingo dute Gazako kostaldeko gas guztia lapurtu. Ez dira gai izan gazatarrak kanporatzeko, ezta AEBen eta Europar Batasunaren laguntza guztiarekin ere. Ez dira gai izan euren presoak askatzeko, bahitu palestinarrak libre utzi gabe. Helburu militar guztiek porrot egin dute. The Lancet-en arabera, genozidioak milioi erdi palestinar baino gehiago hil ditu jada, gehienak haurrak. Baina Erresistentziak egunero eragiten ditu galerak armada nazian, eta Gaza konkistatzea eragozten du. Hezbollah-ko Herri Erresistentziak ere Libanoren inbasioa eragotzi zuen. Ansarollah buru duen Yemen independenteak AEBak garaitu ditu itsasoko borrokan, eta Trump bakea adostera behartu du; Palestina okupatuan helburuak bonbardatzen jarraitzen du Yemenek, kolonoek beren biztanleria zibila gupidarik gabe sarraskitzen duten arren.

“Israel” kolonia, kolapsatzeko zorian zegoen 2023ko urriaren 7a baino lehen. Euren etorkizuna leherrarazi dute joera liberaleko eta joera mesianiko-faxistako judu supremazisten arteko kontraesanek, laikoen eta ortodoxoen artekoek, judu zuri eta kolorekoen artekoek, neoliberalismoaren eta koloniari eusteko ekonomia “sozialaren” beharren artekoek. Analista askok hamarkada bateko bizi-itxaropena ematen zioten “Israeli”; aldiz, ofentsiba palestinarraren ondoren, urte pare batekoa. Dekadentzia hori eta genozidioa estuki lotuta daude. Bizirik irauten duten proiektu kolonial bakarrak bertakoak sarraskitzen dituztenak dira (AEB, Kanada, Australia…), eta hala egiten ez dutenak eraitsi egiten dira (Vietnam, Aljeria, Hegoafrika…). Ez dute erabateko sarraskirik lortu, eta horrek kondenatu ditu. Paradoxikoki, egungo sarraski masiboa ere porrota azkartzen ari da.

Artists against apartheid (Artistak apartheidaren aurka) taldeko Christian Votion-en Resist (Erresistentzia) lana.

Dena aldatzen ari zen, BRICS agertu izanak eta bertako zenbait kideren botere militar eta ekonomikoak ezinezko bihurtu dutelako inperialismoak mundua menderatzea. Inperialismoa boteretsuena da oraindik, kalte egin dezake edonon, baina jada ezin du dena kontrolatu. Palestinako, Libanoko, Irakeko edo Yemengo Erresistentziak erabat konprometituta daude inperialismoari aurre egitera eta bere lurraldetik kanporatzera. Iranek baliabideak eman dizkie borroka hori eraginkorra izan dadin, eta, aldi berean, Teheran da garaipenaren giltza duena. Izan ere, erregimen kolonoaren gaitasun militarrak suntsitzeko ahalmena erakutsi du, balantza orekatuta eta herri palestinarrari aukera emanda bere lurraren kontrola hartzeko. Hala ere, Tel Aviveko kolonoak potentzia nuklearra dira, eta erabateko gerra kosta ahala kosta saihestu behar da; hau higadura gerra izan behar da. Mendebaldea hau ezkutatzen saiatzen den arren, Gazatik Sanara, Jerusalem okupatutik Beirutera, askapenerako islam politikoaren indarrak eta indar marxistak eskuz esku lanean ari dira askapen nazionalaren alde eta inperialismoaren aurka, eta bururaino eramateko prest daude.

Erresistentziak behar du borroka armatuaren defentsa aldarrika dezagun. Ez dago aitzakiarik hura sutsuki ez defendatzeko. NBEren 3070 ebazpena bezalakoek erresistentziarako eskubidea aitortzen dute, beharrezko baliabide guztiak erabilita, borroka armatua barne; ebazpenak herri palestinarrari egiten dio erreferentzia, baita gainerako mugimendu antikolonialei ere. Israelgo erregimenaren suntsipena eta desegitea ozen aldarrikatu behar ditugu. Hirugarren Reicha abolitu zen, apartheidaren Hegoafrika abolitu zen, eta Tel Aviveko erregimena abolitu behar da. Ibaitik itsasora doan Palestina librea aldarrikatzeak horixe esan nahi du. Borroka Palestinarrak behar du Erresistentziaren Ardatza konplexurik gabe babestu dezagun; Iran barne hartzen du ardatzak, eta hori da genozidioa geldiarazteko aukera bakarra. Kontrakoa hipokrisia kolaborazionistaren barruan dago, infantilismoaren barruan. Hain zuzen, infantilismo hori supremazismo zuriaz elikatzen da; eta supremazismo horren oinarria da oligarkiako ergelen eta aho gezurtien buruetan besterik existitzen ez den ustezko balioen eta giza eskubideen Europa.

Arrazakeriaren aurkako borroka da Palestina defendatzea. Europatik inperialismoari aurre egitea da EBrekin haustea, NATOtik ateratzea

Zapalkuntzaren eta zapalduen benetako testuingurutik abiatuta, egungo egoera deuseztatu eta gainditu behar dugu. Hau da, Marx eta Engels, bete-betean; eta emantzipaziorako mugimendu islamiarrek praktikan jartzen dute hori. Horregatik diote beldurra errealitateari burges txikiek eta Mendebaldeko eliteek. Horregatik kriminalizatzen da migrazioa, islamofobia prime time-ean dago, edo feminismoaren lorpenak erabiltzen dira arraza-azpiratzea justifikatzeko. Horregatik, eskuineko analistek “islamista eta marxisten” batasunaren aurkako aldarria egiten dute. Iraultzarako aukerak hemen daude.

Arrazakeriaren aurkako borroka da Palestina defendatzea. Europatik inperialismoari aurre egitea da EBrekin haustea, NATOtik ateratzea. Kosta ahala kosta eragotzi behar da berrarmatzea, AEBei eta “Israeli” mesede eginez bakarrik egin baitaiteke. Gure herri palestinarra, Gazako haurrak, beren odola jartzen ari dira hori posible izan dadin. Ez diezaiegun hutsik egin. Alda dezagun dena.

Taher Ali, Ateneo Palestinoko militantea