argia.eus
INPRIMATU
Alexandrorik krudelena Gazan
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko irailaren 24a

Gaza hiria, K.a. 332. Alexandro III.a Mazedoniakoa (K.a. 356-323) eta bere armada hiriko harresietara iritsi ziren. Bi urte ziren Alexandro Handiak bere konkistak Asia aldera bideratu zituela, eta hilabete gutxi batzuk Tiron pertsiarren kontra garaipen handia lortu zuela. Egiptorako bidean, Sinaiko basamortuan barneratu baino lehen, Gaza zen gainditu beharreko azken oztopoa.

Ez zen oztopo erraza, ordea. Mazedoniako erregeak hirian sartzeko beharko zen guztia prestatzeko agindu zuen, baina, Flavio Arriano historialari greko-erromatarraren hitzetan (K.o. 89-175), “ezinezkoa zen harresi haiek indarrez hartzea, muinoaren altuera zela eta”. Gaza pertsiarren esku zegoen orduan, eta beren armadako komandante bat, Batis izeneko eunukoa, zegoen agintean. Amore eman ordez, greziarrei aurre egitea erabaki zuen. Horretarako, “arabiar mertzenarioak hartu zituen bere zerbitzura, eta setio luze bati aurre egiteko adina gari bildu zuen”, Arrianoren esanetan. 

Alexandrorentzat, ordea, “garaipen gertagaitzak sekulako eragina izango luke etsaiengan” eta Gaza ez konkistatzea “lotsagarria litzateke greziarren eta Dario pertsiar erregeren beraren begietan”. Setio betean, mazedoniar erregea bera zauritu zuten sorbaldan, baina, azkenean, greziarrek hiriko harresiak zeharkatzea lortu zuten.

Orduan ere, Batis ez zen errenditu. 100 bat egun behar izan zituzten greziarrek hiria kontrolpean hartzeko, baina gazatarrek, Arrianok zioenez, “hil arte eutsi zioten, bakoitza zegokion postuan borrokatzen”.

Kinto Kurtzio Rufo I. mendeko historialari erromatarra ez dator bat Arrianorekin bere Historiae Alexandri Magni lanean. “Batis adorez borrokatu zen eta, zauriz josita, bere gizonek abandonatu egin zuten; baina ausardiarik ez zuen galdu, nahiz eta ezpatak eskuetatik irrist egiten zion, bere odolez zein etsaienez bustita”. 

Bizirik atzeman zuten pertsiar komandantea, eta Alexandrorengana eraman zutenean ere, ez zen makurtu eta ez zuen hitzik esan. Alexandrok, haserre, eta mitologiari erreferentzia eginez, Akilesek Hektor heroiari egindakoa egin zion –bere burua Akilesen oinordekotzat jotzen baitzuen mazedoniarrak–: orpoak alderik alde zulatu zizkioten, zuloetatik soka bat sartu eta gurdi batera lotu zuten, eta gurdiaren atzetik arrastaka eraman zuten hiriko harresiak inguratuz. Baina desberdintasun nabarmen bat zegoen; Akilesek Hektorren gorpua eraman zuen herrestan, baina Batis oraindik bizirik omen zegoen gurdira lotu zutenean.

Umekeriaren emaitza

Pertsiarren eta arabiarren aldean 10.000 inguru izan ziren hildakoak; batzuk borrokan, besteak Alexandroren aginduz exekutatuta. Emakumeak eta haurrak esklabo modura saltzeko agindua eman zuen, baina bizia barkatu zien behintzat.
Kurtziok Alexandro Handiaren amorrua eta ausarkeria gaztetasunari egotzi zizkion –24 urte zeuzkan orduan–, eta ez ohikotzat jotzen du haren krudelkeria, “etsaien adorearekiko miresmena” erakutsi baitzuen beste hainbatetan. Esaterako, sei urte geroago, K.a. 326an, Indiako Pauravas erresumako Poros erregeari bizia barkatu zion, hark azaldutako ausardiagatik.

I. mendeko greziar filosofo Plutarkok ere Alexandroren heldutasun falta aipatzen du erregeari egindako biografian: “Maiz une bateko gertakari batek, hitz zorrotz batzuek edo umekeria batek gehiago balio dute izaera marrazteko, milaka gizon hiltzen diren gatazkek, ejertzito osoek eta hirien setioek baino”.

Horrenbestez, garai hartako agintari militarrik boteretsuenak bere izaeraren alderik ilunena erakutsi zuen Gazan. Nekez sinetsiko zuten Antzinaroko kronikari haiek 24 mende geroago Alexandrorik krudelenak egindakoak motz gertuko zirenik toki berean.