argia.eus
INPRIMATU
Zergatik?
Gorka Intxausti Aranguren 2025eko irailaren 17a

'GUREA KULTURA' JAIALDIA 
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an

--------------------------------------------------------

Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak egiteko eraiki zen plaza baten barruan zuriz jantzitako torero batek nola toreatzen gintuen ikusteko. Beraz, antitaurinismoaren izenean edo, besterik gabe, jendea eta tradizioak desmitifikatzearren, Zestoara etortzea erabaki dut.

Duela urte batzuk hasi ziren herriko jaietan zezenketak egiten diren ordutegi berean kultur kontraprogramazioa eskaintzen. Dohainik. Eta egia esan, ez dakit bietako zerk erakartzen duen jende gehiago gaur egun. Chapeau.

Tradizio oro ez da arte, ezta arte oro tradizio, eta ezta arte oro eder ere. Ez objektiboki eta kolektiboki behintzat. Zegoenetik aldentzea da aurrera pauso ororen muina. Horregatik, metafora polita da Sal del Coche gaur hemen izatea. Talde horrek inguruko eszenan zegoenarekiko apurketa bat markatu baitu, Zestoako tradizioan Gurea Kultura jaialdiak nola. Dena den, agerikoa da berez behar batzuei erantzun besterik ez dutela egin, polemikak polemika, harrera ona izan baitute biek ala biek.

Tren estazio zaharrera iritsi garenean kontzertua hasita zegoen. Nire kalkuluen arabera, bigarren kanta-edo izango zen. Hona hemen zer ikusi dugun lehen begi kolpean: eszenatoki xume samar bat kamioiz nahiko betea zegoen aparkaleku baten erdian, eta argiteria ez hain xumearekin. Haren atzean, pare-parean, garabi hori bat, eta hiru hitz urdin: GRUAS GOIHERRI AZPEITIA. Taula gainean hiru pertsona, musika tresna andana, eta bi toalla. Horietako batean pitbull arrazako txakur baten irudia; katu batena bestean. Ez dakit, nahiko kuriosoa zen dena.

Azken aurreko kanta zitekeena bukatu denean bota diet hasieratik mihiaren puntan izan dudan galdera lagunei: "Zer iruditzen zaizue?" Irribarre txikiarekin erantzun didate. "Zer da hau?" Dena da ezohikoa kontzertu honetan. Abeslariek ez dute ongi abesten; erritmoak ez dira dantzatzen errazak; ez da atsegina; musika tresnak arraroak dira; melodiak, nahasgarriak; desafinatzea begi onez hartzen da eta letrak ez dira ulertzen. Ez objektiboki, ez kolektiboki behintzat. "Gustatzen zait" izan da, ordea, jaso dudan hurrengo mezua.

Kontzertua bukatuta, gustatu izanaren zergatiaren bila aritu gara eta asko kosta zait ondorio sinple bezain korapilatsura iristea. Izan ere, ez dakit zer den, ezpada egiten dutena egitera iristeko irudikatzen dudan prozesua miresten dudala. Ausartzea, alegia. "Zergatik?" galderari "zergatik ez?" erantzunez sortzea.