argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Tescreal
Diana Franco Eguren 2025eko irailaren 17a

Radical futures diseinu espekulatibora zuzentzen den estudioak aurkezpen interesgarri bat partekatu du: A quick guide to the mythologies driving tech power (gida azkarra teknologien boterean daudenak gidatzen dituzten mitologien inguruan). Bertan diote Silicom Valleyko eliteak ez direla ari soilik produktuak sortzen, errealitateak baizik. Errealitate okertuak, modu sutsuan babestuak, diru kopuru basatiekin bultzatuak.

Tescreal hitza Timni Gebru konputazio zientzialariak eta Émilie P. Torres filosofoak asmatu zuten; esanahia honakoa da: “Isilean teknologiaren erabakirik garrantzitsuenak gidatzen dituen ideologia multzoa”. Euren hitzetan, gaur egun erabaki teknologiko garrantzitsuak hartzeko boterea dutenak dira munduaren salbatzaile direnaren fantasian bizi den tekno-elitea. Fantasia horren baitan, mitologia oso bat sortu dute, honako elementuekin: transhumanismoa (giza gorputzaren gaitasunak ez dira nahikoak, teknologiak hobetu behar gaitu), extropianismoa (teknologiak entropia gaindituko du), singularitatea (Adimen Artifizial super argi batek laster gaindituko du gizakia, berarekin lerrotu behar gara), kosmikoa (lurra jaurtiketa plataforma da soilik, gizadiaren etorkizuna izarretan dago), arrazionalismoa (logika eta arrazoiketa egiaren bide bakarrak dira, emozioa oztopo bat da), altruismo eraginkorra (onik handiena lortzeko, ebidentzia eta logikaren bitartez maximizatu behar da inpaktua), eta epe luzerako begirada (lehentasuna etorkizun urruna babestea da, egungo bizitzen kontura bada ere).

Bitartean, egunerokoan, nonahi ikusten dugu izaki bizidunak zeinen hauskorrak eta akastunak garen, maitasun beharrean. Zenbat behar dugun zaintza eta babesa, zaintza eta babesa bideratzeko zeinen beharrezkoa den konfiantzazko harremanak baliatzen dituen ehundura, eta ehundura hori zaindu eta indartzea. Bizitzaren ongizatea bultzatuko duen mitologia berrasmatu beharko dugu, garai hauetara egokitua.