argia.eus
INPRIMATU
Publizitate instituzionalaren negozio ezkutua Espainiako Estatuan
Gardentasuna ala adiskidetasuna?
  • Pedro Sánchezek adierazi zuen martxoan desinformazioa “mehatxu nagusia” zela demokraziarentzat. Baina, nola egiten dio horri aurre Espainiako Gobernuak? Dirudienez, gardentasunarekin eta argitasunarekin baino, ez-ikusiarena egiten.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko irailaren 18a
Argazkia: EFE

Amen-omenak eta desinformazioa, Europarentzako mehatxua” izenburupean, mahai-ingurua egin zuten Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek eta PSOEko hainbat alderdikidek martxoan, Iruñean. Sánchezek zera adierazi zuen hitzordu horretan: “Albiste faltsuak erreminta oso arriskutsuak dira, eta aurre ez eginez gero, demokrazia suntsitu dezakete”. Halere, El Confidencial hedabide digitalak ekainean argitaratutako ikerketa batek erakutsi zuen Espainiako Gobernuak mehatxu horri borrokatzeko neurriak ez dituela betetzen.

Izan ere, 2018an Espainiako Estatuko presidentetzara iritsi zenetik, Sánchezen administraziopean publizitate instituzionalarekin egin diren 6.900 ordainketa argitara atera zituen egunkari horrek. 2006ko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalaren Legea onartu zutenetik, Espainiako Gobernu bakar batek ez du argitaratu hedabide edo hedabideen talde bakoitzari publizitate instituzionalean ordaindu dien diru kopurua.

2006ko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalaren Legeak dio “kanpaina instituzionalak interes orokorrera, egiazkotasunera, gardentasunera eta erantzukizunera egokitu” behar direla beti. El Confidencial-ek argitaratutako ikerketak, ordea, aurkakoa erakusten du: Espainiako Gobernua osatzen duten 22 ministerioetatik, soilik Nekazaritza, Merkataritza eta Industria Ministerioek erakutsi dituzte 2009tik 2023ra bitarte publizitatearekin eginiko ordainketak; bostek –Ogasuneko, Lurralde Politikarako, Funtzio Publikorako, Kontsumo, Lan eta Atzerri Ministerioek– , berriz, ez dute ordainketen daturik eman.

Hain zuzen, azken bi horietako buru diren Yolanda Díaz eta José Manuel Albares ministroei Gardentasun Kontseilu independenteak hainbat isun jarri dizkie azken urteetan, ordainketak ezkutatzeagatik. Esaterako, joan den astean The Objective hedabideak jakinarazi zuen Gardentasun Kontseiluak Díazi exijitu ziola 2024an Frantziara, Suitzara, Italiara, Senegalera, Mexikora eta Espainiako Estatuko hainbat lekutara eginiko bidaien kostuak publiko egitea.

Argazkia: RTVE

Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza bide beretik
El Confidencial-ek Sánchezen administraziopean –2018tik 2023ra– Espainiako Gobernuko ministerioek publizitate instituzionalaren banaketan egindako ordainketen %80ra sarbidea izatea lortu du: guztira, 190 milioi euro. Bada, diru-zaku handiena eskuratu duen taldea Vocento izan da, ABC edota El Correo-ren gisako egunkariekin ia zazpi milioi euro jaso baititu. Zerrendan hurrengoa, 6.800.000 euro inguru eskuratuta, Unidad Editorial da, El Mundo eta Marca argitaratzen dituena, besteak beste. Hirugarren berriz, Prisa taldea: 6.650.000 euro jaso ditu, gehienbat El País eta AS egunkarietan jarritako publizitatearen truke.

Diru-zaku handiena eskuratu duen taldea Vocento izan da, ABC edota El Correo-ren gisako egunkariekin ia zazpi milioi euro jaso baititu.

Egunkari edo hedabide bakoitzak jasotako diru-zakua, ordea, ez dute zehazki adierazten Espainiako Gobernuko ministerioek: izan ere, publizitate instituzionalean eginiko zenbait ordainketa hedabide taldeei esleitzen dizkiete eta beste batzuk hedabideei zuzenean ordaintzen diete. Esaterako, El País-ek gutxienez hiru milioi euro jaso ditu; El Mundo-k, berriz, 2.580.000. Bien kasuan, ordea, ministerioek bi milioi inguruko ordainketa bat esleitu diete bakoitzaren taldeari –Prisa eta Unidad Editorial, hurrenez hurren.

Finean, ikerketa horrek argi utzi du sistema garden eta justuaren faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten direla Espainiako Gobernuak publizitate instituzionalarekin eginiko diru-zakuaren banaketan. Egun nazioarteak bizi duen gorakada erreakzionarioaren testuinguruan, botere mediatikoak eskuindarra izaten jarraitzeko ezinbesteko papera jokatzen du publizitateak, baita Eusko Jaurlaritzaren kasuan ere.

Aurreko urteetan bezala, Jaime Gómez-Obregón ekintzaileak Jaurlaritzaren publizitate banaketaren memorien barrenak hustu eta datuak agerian jarri ditu Gobiernovasco.marketing webgunean. 2018 eta 2024 arteko datuak daude ikusgai eta emaitzak aldatu gabe jarraitzen du: Vocento, Noticias eta Prisa taldekoentzat da hedabide pribatuen artean banatutako diruaren %80 inguru.

EiTBko hedabide publikoak alde batera utzita, gaztelaniazko hedabideek diruaren gehien-gehiena jasotzen dute, %93 inguru, eta euskaldunek %7 inguru baino ez. El Correo egunkaria da errege, 9.237.603 euro baitauzka jadanik zakuan pilatuta Gómez-Obregónek aztertu duen 2018-2024 urteen arteko epealdian, eta talde bereko El Diario Vasco jarraian dauka, 6.128.575 eurorekin. 

Telebistak eta bestelako ordainketak
El Confidencialen ikerketak utzitako ondorio nagusietako bat zera da: telebista kateek sekulako boterea izaten jarraitzen dutela publizitate instituzionalari dagokionez, iaz inoizko kontsumo baxuena erregistratu bazuen ere –egunean batez beste 163 minutuko kontsumoa ikusle bakoitzeko, 2023an baino %5 gutxiago–. Espainiako Gobernuak eginiko ordainketen artean, diru-zaku gehien jasotzen duten enpresa mediatikoak dira telebista kateak.

Antena 3, Telecinco eta La Sexta dira publizitatean diru gehien jaso dutenak: hurrenez hurren, 12.700.000, 11.450.000 eta 5.630.000 euro eskuratu dituzte. Hedabideen taldeen kasuari jarraiki, telebista kateen taldeei eginiko ordainketak ere ageri dira Espainiako Gobernuko ministerioen memorietan, kate bakoitzak zehazki publizitatean eskuratzen duen diru zehatza jakitea ezinezko egiten duena.

Orotara, Atresmedia –25 milioi euro– eta Mediaset –24 milioi euro– dira diru-zaku handiena eskuratzen duten telebisten taldeak. Horrez gain, ikerketak ere argitara atera ditu hedabideak ez diren, baina botere mediatikoan berebiziko garrantzia duten beste enpresa batzuk lortutako diru-zakua: sare sozialak. Zerrenda horretan lehen bi postuetan Meta eta Google agertzen dira, 7.230.000 eta 6.630.000 euro eskuratuta, hurrenez hurren. Metaren kasuan, publizitatean lortutakoaren %90 YouTuberen bidez eskuratu du.

Eusko Jaurlaritzaren 2018 eta 2024 arteko banaketan ere multinazionalen menpeko sare sozialen presentzia nabarmena izan da: hain zuzen, epe horretan iragarkien bidez ARGIA ez da 145.000 euro jasotzera iritsi, baina Eusko Jaurlaritzak gehiago inbertitzen du Instagram –525.000 euro–, YouTube –463.000 euro– eta X –210.000 euro– sare sozialetan.

Bertrand Ndongo, Rocío Monasterio eta Iván Espinosa de los Monteros VOXeko alderdikide ohiekin. Argazkia: @bertrandmyd 

PPren “adiskideak”
Haren emazte Begoña Gómezen aurkako epaia zela eta, Sánchezek bost eguneko “atsedena” hartu zuen apirilaren amaieran, presidente karguari eustea “merezi duen” hausnartzeko. Azkenean, Espainiako Gobernuaren buru izaten “indar handiagoz” jarraitzea erabaki zuen. SER irratian eginiko elkarrizketan, Sánchezek adierazi zuen “desinformazioaren aurkako gurutzadei” ekin behar zietela, eta haren aurkako kanpaina egitea leporatu zien PPk eta Voxek finantzatutako hedabide digitalei. Hain zuzen, El Salto hedabideak hainbat ikerketa kaleratu ditu oposizioko bi alderdi horiek agintean dauden autonomia erkidegoetako gobernuen inguruan.

Periodista Digital hedabidea azken urteetan ezaguna egin bada, kazetaritza egiteko haren modu eredugarri eta erakargarriagatik baino, Bertrand Ndongorengatik izan da: hooligan itxurarekin eta jarrera probokatzailearekin manifestazio feministen edota ezkerreko politikarien aurka oldartzen den ‘kazetaria’, sare sozialetan milaka ikustaldi izan dituzten bideoen protagonista izan da. Bada, El Salto-k maiatzean argitara atera zuen Madrilgo Udalak –PPko José Luis Martínez-Almeida alkate duena– hedabide horri publizitatean 187.000 euro ordaindu dizkiola azken lau urteetan.

Diru-zaku hori soilik Madrilgo Udalari dagokio, Isabel Díaz Ayuso (PP) buru duen Madrilgo Erkidegoak ere nabarmen hornitu baitu diruz Periodista Digital: zehazki, 2021etik 2023ra bitarte –2024ko datuak ez dituzte argitaratu oraindik– 215.000 euro jaso ditu publizitatean. Horrela, eta 2024ko datuak azken urteetakoen joeraren arabera kalkulatuz, PPren agindupeko Madrilgo Udalak eta Erkidegoak ia 500.000 euro eman dizkiote publizitate instituzionalean Periodista Digital egunkariari. 

Alfonso Fernández Mañueco Gaztela eta Leon erkidegoko presidentea, Ok Diario egunkariaren 2023ko ekitaldi batean.

Mendiak sutan, eurak negoziotan
Uda honetan suteek gehien astindu duten Espainiako Estatuko erkidegoetako bat Gaztela eta Leon izan da, ia 110.000 hektarea erre ostean. Suteak saihesteko gastuak, ordea, %86 murriztu ditu erkidego horretako gobernuak 2009tik 2022ra bitarte. Alfonso Fernández Mañueco Gaztela eta Leon erkidegoko presidente eta Ok Diario hedabide eskuindarraren arteko harremanaren zifrek, ordea, goia joko dute aurten.

El Salto-k abuztuaren amaieran argitaratutako ikerketa baten arabera, 2025ean oraingoz hedabide horrek publizitatean 92.940 euro jaso ditu hamasei kontratutan, horietatik hiru lau eguneko epean esleituta –abuztuaren 11tik 14ra bitartean, suteak erkidegoa gogorren jotzen ari zirela–.

Mañueco 2019an heldu zen Gaztela eta Leon Erkidegoko presidentetzara, eta une horretan hasi zen Ok Diariorekin adiskidetzen. Publizitatean 18.000 euro ordaindu zizkion urte horretan eta, geroztik, hazi besterik ez da egin erkidegoko aurrekontuetatik bidalitako diru-zakua: 2021ean 64.000 euro jaso zituen; 2022an, berriz, ia 85.000; 2023an nabarmen igo ziren ordainketak, guztira ia 140.000ra iritsi arte; 2024an, azkenik, 153.600 euro eskuratu zituen. 

Gaztela eta Leongoa adibide bat baino ez da, Espainiako Estatuan oro har publizitate instituzionala banatzeko dagoen eredu opaku eta alderdikoiaren erakusgarri.