argia.eus
INPRIMATU
Nhil, etxe bat ‘soulari’
Xalba Ramirez @xalbaram 2025eko irailaren 17a

Etxea
Nhil
Autoekoizpena, 2025

------------------------------------------------------------

Etxea du izena Nhil taldearen hirugarren diskoak. Taldekideek azaldu dutenez, “etxea” baita taldea haientzat, eta entzulearentzat ere hala izatea nahi dute. Zazpi kantu, “artisautza, gordintasuna eta sentsibilitate mugagabez” osaturik. Normalean, taldeek ez dute asko asmatzen haien lana aztertzerako orduan, baina niri gustatu zaizkit adjektibook, eta uste dut, indargunea hor dutela.

Aramaio, Eskoriatza, Arrasate eta Aretxabaletatik dator taldea, eta 1970ko eta 1980ko soul, rnb, funk eta pop-ean lerratuak dira: ahotsaren presentzia, baxu-gitarra-bateria klasikoa, pianoa eta haizeak. Morgan madrildarrak maite badituzu hau da zure taldea.

Lasaia izanagatik, intentsitate handikoa da diskoa, indar eta emozio handikoa, alegia. Argialdia eta Ezer zor nahi-k erritmo alaiarekin mugitzen dute diskoa, eta hori ere eskertzen da. Konponketak sotilak dira eta disko osoan daude bikain sartuta; ez da batere erraza horrenbeste instrumentu nahastea, are gutxiago talde amateur batean. Nhilek badu zerbait ederra, denbora gehiagorekin kozinatuta argiago ikusiko dena.

Baina pare bat ateratzekotan, gitarra solo gehiegizkoak izan daitezke. Jakina da, ondo jotzen duenak badakiela nola ondo adornatu kantuak, baina une egokiena bilatzea eskertzen dut nik. Adibidez, badirudi Sara Alonso abeslariak nahi duena egin dezakeela ahotsarekin. Baina ez du nahi duena egiten ahal duen oro. Neurritasun horrek are gehiago dir-dir egitera darama, bai bera, eta baita taldea ere.

Aipatu Morgan taldea ezin dut burutik kendu disko osoan. Baina, era berean, bada zerbait arraroa: oso zintzoa da diskoa. Esan nahi dut: batzuetan badira kopia eskasak, arima askorik gabekoak. Eta, kasu honetan, inspirazioa nabarmena den arren, diskoa freskoa da une eder askorekin. Sekulako lana dakarte Debagoienatik, eta, ziur naiz, bide honetan jarraituta, iritsiko direla kantu borobilagoak. A, eta taldeak erabaki du Spotifyra ez igotzea disko berri hau, heriotza industrian duen inplikazioagatik. Minipuntu bat gehiago.