argia.eus
INPRIMATU
Modernoak gara?
Cira Crespo 2025eko irailaren 17a
MAIDER LETURIAGA

Moderno izateak, hiztegiaren arabera, “gaurkoa, egungoa; garai berekoa” esan nahi du, eta baita ere, “jakintzak edo teknikak berrikitan eginiko aurrerapenez baliatzen dena”. Baina aro modernoa eta modernitatea aro historiko bat ere izan daitezke; hain zuzen, modernitatea da gizarte garaikidea eta kapitalista eraikitzeko zutabe guztiak jarri ziren aroa.

Gaur egun pentsatzen duguna, gure balioak, gure ideologia nagusiak, modernitatearekin batera etorri ziren; halaber, gure pentsamendu hegemoniko, duala (gaizki edo ondo, beltza edo txuria), etorkizunaren entronizazioa, edota indibiduoaren sakralizazioa modernitatearen seme-alabak dira. Gaur egun gizarteak antolatzeko dugun manera ere bai. Demokrazia izan daiteke, komunismoa ere bai, baita ekoizpen metodoak ere, jakina. Oro har, modu ekonomizista hutsean pentsatzea modernitatearekin batera hasi zen. Eta, ezin dugu ahaztu, noski, Estatu nazioaren eraikuntza. Dena Europan sortu zen, eta inperialismoaren bitartez, kontinente guzietara zabaldu zen.

Duela egun batzuk, nik miresten dudan pentsalari katalan batekin biltzeko aukera izan nuen. Horri buruz ere hitz egin genuen. Berak zioen Europako herri gutxituok oso harreman zaila izan dugula modernitatearekin, zentzu batean, berak kondenatu baikaitu leku subsidiario batean egotera, eta Estatu nazioaren eraikuntza horretan geure erdigunea galdu baitugu. Baina, aldi berean, modernitateari bizkarra ematea ez da aukera bat izan, eta saiatu gara modernitatearekin harreman ona izaten. Adibidez, gure hizkuntzarekin literatura modernoa egin dugu, normatibizatu egin dugu, gure gobernatzeko moduak molde modernoetan jartzen probatu dugu, eta, azken finean, gure bizitza orratzaren begitik pasarazi dugu.

Hemengo jende gutxik daki XIX. eta XX. mendeetan Euskal Herrian modernitatea ere zalantzan jarri zela. Eta zergatik ez dakigu? Lehenengo arrazoia da frankismoaren garaia oso gogorra izan zela

Horretan ere badu zerikusirik nazioaren eraikuntzak, jakina. XIX. mendean gure herriei nazio soinekoa jarri genien, eta eskerrak, zeren Europan nazio moderno gisa definitu ez diren herriak desagertu egin baitira, edo desagertzear daude. Baina, hala ere, bai Katalunian, bai Euskal Herrian (nik ongien ezagutzen ditudan kasuak), beti izan da mundu modernoarekiko halako deserosotasun bat, eta horri buruz ere asko hitz egin da. Ikuspuntu honetatik irakurtzen badituzue XIX. eta XX. mendearen hasierako testuak, egunkariak, eta testu literarioak edota pentsamenduzkoak, nik uste dut garbi agertuko zaizuela.

Gaur egun, modernitatea zalantzan jartze hori mundu post edo neokolonizatuetatik etorri da. Amerikako, Asiako edota Afrikako pentsalariak mundu modernoari osoko zuzenketa egin diote. Interesa daukagunontzat oso pizgarria da proposatzen duten guztia. Baina, nire ustez, arazo bat dago teoria horiek guztiak gure arazo nazionalekin elkarrizketan jartzeko orduan. Arazoa da ez direla ezagutzen hemen egin ziren gisa bereko proposamenak. Zeren eta egin, egin ziren. 

Alde batetik, mundu kolonialeko pentsalariek Europa ez dute sakonki ezagutzen, eta modu monolitikoan irudikatzen dute, maiz. Ez da arazo bakarra, noski. Hemengo jende gutxik daki XIX. eta XX. mendeetan Euskal Herrian modernitatea ere zalantzan jarri zela. Eta zergatik ez dakigu? Lehenengo arrazoia da frankismoaren garaia oso gogorra izan zela, eta zubi guztiak dinamitatu zirela. Bigarrena da, nire ustez, frankismoaren aurka egon ziren gazte gehienek frankismoaren aurretik egin zen guztia atzerakoitzat kalifikatu zutela ‒agian, kontrastez, eurak aurrerakoi sentitzeko‒ lastotik aleak bereizi gabe. Eta zaila izan zen XX. mende hasierako proposamen horiek euren baitan gordetzen zuten hazi modernoa eta dekoloniala ikustea.