argia.eus
INPRIMATU
Berdintasuna
Mikel Zurbano 2025eko irailaren 17a

Thomas Piketty eta Michael J. Sandel egileek berdintasunaren kontzeptua jorratzen duen liburua argitaratu dute aurten: Equality. What it means and why it matters (Berdintasuna. Zer esan nahi du eta zergatik du garrantzia, Polity argitaletxea). Pentsamendu garaikidean ospe handia duten bi egile horiek elkartruke sakon eta bizkor batez berdintasunaren dimentsio ugari lantzen dute. Berdintasun ekonomikotik harago doaz, analisi historikoa, kultur kritika eta hausnarketa politiko eta ekonomikoa tartekatuta.

Aztergune nagusietakoa dira ezkerraren krisia eta jatorria. Biak ala biak bat datoz ondoko arrazoiarekin, hots, azken hamarkadetan alderdi aurrerakoiek beraiek izandako jarrerak eta estrategiak direla beren krisiaren errudunak. Ildo horri jarraituta, batez ere alderdi sozialdemokratak beraien oinarri tradizionaletik aldendu egin dira. Finean, logika teknokratikoa eta meritokratikoa oratu dute alderdi horiek, eta horrela, ondo prestatutako eliteak beren politiken onuradun bihurtu dira.

Bill Clintonen adibidea dakar Pikettyk. Amerikako Estatu Batuetako presidente demokrata ohiak finantza desarautzea eta ongizate sistemaren zigor erreforma bezalako politika neoliberalak sustatu zituen. Clintonek berak industri sektore tradizionalak kaltetuko zituen merkataritza libreko itunak sinatu zituen bere garaian. Sandelek, aldiz, eraldaketa hori ez dela soilik ekonomikoa izan dio. Eta zera zehazten du, ezkerrak errekonozimendu moralaren garrantzia ahaztu egin duela, arrakasta profesionala edo akademikoarekin bat ez zetozen bizitzak alboratu dituzten politikak aplikatuta.

Biak ala biak bat datoz ondoko arrazoiarekin, hots, azken hamarkadetan alderdi aurrerakoiek beraiek izandako jarrerak eta estrategiak direla beren krisiaren errudunak

Bestalde, merituaren diskurtsoak desberdintasunaren sakontzean duen funtzioa ere aztergai indartsua da liburuan. Sandelek bere ideia ezagunetariko bat jasotzen du hemen, meritokraziaren harrotasunarena. Arrakasta dutenen ustea da dena merezi dutela eta, aldiz, porrota nozitzen dutenek erru pertsonal bezala bizi dute. Piketty bat dator ideia horrekin, izan ere, berarentzat gutxiengo baten aberastasunaren kontzentrazioa justifikatzeko balio izan du narratiba horrek. Eta zera baieztatzen du Pikettyk, baliabideen benetako birbanaketarekin bat egiten ez badu, aukera berdintasuna tranpa bat dela, hain zuzen.

Elkarrizketan kezka partekatuta dago, indarrean dagoen diskurtso politiko nagusian berdintasunaren inguruko kezka desagertu delako. Emaitza ekonomikoaz harago, demokraziak bere herritarrei zor dien eskubideei buruzko eztabaida berreskuratzeko borondatea dute bi egileek. Ildo horretan, ezkerrak errelato politiko berri bat eraiki behar duela diote. Errelato horretan ekonomi indize soilak -errenta sarrerak- ez ezik, duintasuna, errekonozimendua eta botere politikoa ere barneratu beharko lirateke haien esanetan.

Nolanahi ere, adostasunak ugariak diren arren, diferentziak ere ageri dira liburuan. Pikettyk ikuspegi estrukturala du, sistema sozioekonomikoan ipintzen du indarra, berdintasunaren analisiaren gakoak aztertzean. Sandel, bere aldetik, etikaren inguruko eztabaidak kezkatzen du. Baina, bi gako horien arteko tentsioa da funtsezko interesgunea liburua irakurtzean. Finean, egungo errealitate soziala eta ekonomikoaren azterketaz harago etorkizunean eszenatoki politiko desberdina irudikatzeko asmoa ere nabari da testuan.