argia.eus
INPRIMATU
‘Azalapain’
IƱaki Murua 2025eko irailaren 17a

Bai azalak emonbe! Esaten dute Ondarroan, norbait nabarmen gizenduta ikustean. Ezagun bati alderantzizkoa entzun nion azalari buruz: “Azala hain daukat gorputzaren neurri justukoa, ezen norbaiti keinu egiteko begi bat ixten dudanean uzkerrak ihes egiten baitit!”.

Azalapain hitza nekazal munduan ezagutu dut, eta lurra oso azaletik lantzea esan nahi du. Kontrakoa da zoia sakonetik iraultzea laiaz, goldez edo ondeoan eginaz (horretarako aproposak ziren aitzur bereziekin) lurrak oxigenoa har zezan. Argi dago azala apaintzea ez dela sakoneko jarduna.

Gure gizartean, egungo joera gehiago da, sakoneko lana baino, itxura zaintzea; apainduriari garrantzi handiagoa ematen diogu. Hutsaren hurrengo txorakeria aski dugu, elkarri asto beltxarenak botatzeko, baina... azalapain. Baratzean zopizarrean aritzen garenean nola, bada, halaxe, alferrikako belarrak kentzea beharrezkoa da, noski, baina hori soilik ez da basta.

Nortasuna eta autonomia 'azalapaingarri' izango ditu, baina hiru hizkuntza dakizkienez, Bali edo paradisuko irla batetik lana egiten hasiko da

Hitz hori Europak munduan den hainbat liskar eta gerraren aurrean darabilen jarrera adierazteko aproposa iruditzen zait. Asko aipatzen da Ukraina, eta lagundu nahi omen dio Europak, baina ez dakit zenbat den gerra taktika berriak frogatzeko aitzakia, edo arma biltegiak husteko nahiz berritzeko, ala berriro derrigorrean soldadutza indarrean jartzeko. Intsumisioa kantuen bidez ezagutu duen belaunaldiak zer ote dio soldadutzak “gizon” egiteari buruz? Gure garaian hala esan ohi ziguten, baina etorkizunean gizon-andere egiteko baliatuko ote dute? Azalapaingarri izatera ere iristen ez den denbora galtze anker eta antzuagorik ez da; ziurtasunik eza eta beldurra hezurretaraino sartzeko, balaz asmatutako jolas arriskutsua.

Minez ikusten dut, mugikorrari begira eguna bere kasa, gurasorik ez balu bezala, dabilen haurra. Nortasuna eta autonomia azalapaingarri izango ditu, baina hiru hizkuntza dakizkienez, Bali edo paradisuko irla batetik lana egiten hasiko da. Pozik eta harro lanean egotea eta oporretan ibiltzea egokitu zaiolarik, eskubideak besamotz, elkartasuna herren, sindikatuak ezezagun... Hau mundu xelebrea uzten ari gatzaizkiona.

Baina, tira, oso ilun jartzen ari naiz etorkizuna eta bere eskasean, azalapain ari banintz hobe. Xapre trikitilariak honela esaten omen zion amari: “Ni trikiti soinuarekin beti festan nabil, ama; lana, arriskua eta nekearen ordez, festa eta alaitasuna aukeran ditut, eta bestela neuk jartzen ditut. Zuregatik egiten dut nik hori dena, ama! Ama batentzat ba al da bada bere seme-alabak pozik ikustea baino gauza hoberik?”. Harrapazank!