argia.eus
INPRIMATU
Zenbat arantza Arantzak
Nekane Txapartegi 2025eko irailaren 10

Arantzaren buruko loreek ez zuten arantzarik, Arantzaren bizitzak, ordea, asko. Emakume izatearekin batera, jaiotzetik batzuk. Besteak gaztetatik eransten joan zitzaizkion, komisarian torturak ezarriak, Burgosko prozesuan eta kartzelan, arantza horiek denak patriarkatuak areagotuak. Ene kezka edo gogoeta da ea besteren bat hil ondoren ahanzturan geldituko den. Euskal Herriko gatazka Madriletik kontatzen eta zinematan saritzen ari diren garai honetan, ez ahazteak kirol ariketa dirudi, nekagarria. Gogoratzeak, berriz, erresistentzia.

Beren ibilbideen konparaketetan hasi gabe, Pepe, Juan Mari… batzuk aipatzearren, medioetan gizonek askoz ere presentzia zabalagoa izaten jarraitzen dutelakoan nago. Ez hori bakarrik, ze orrialdetan argitaratzen diren edo berriari ematen zaion lehentasuna ez dira parekideak. Ondorioz, oihartzun sozial eta politikoaren erdigune bihurtzen dira. Irakurle, entzule, sarezaleen erreakzioak ere maila berean, zer ikusi, hura zabaldu edo komentatu.

Zer egin Arantza,Teresa eta besteak ahanzturara ez eramateko? (...) Gure alabek jakin dezaten nondik gatozen eta zuen semeek beraien izenak irakur ditzaten

Gazteek, belaunaldi berriek, ez omen dute irakurtzen. Beste era batetara informatzen edo desinformatzen omen dira, eta ni pentsatzen, gu zertan ari garen. Kazetari feminista bezala baditut bi arantza nik ere. Batetik, ezkerreko egunkari, medio edo sareetan pausoak eman badira ere, oraindik emakume eta genero disidenteei agentzia politiko bezala eskaintzen zaigun lekua gutxi da, eta kultura patriarkalaren ahanztura erreproduzitzen jarraitzen da. Inklusioaren aroan maskulino generikoa erabiltzen den hizkuntzan, medioek gu izendatu gabe jarraitzen dute: presos, represaliados, deportados… Bestetik, non gauden mugimendu feministok, eredu eta narratiba berriak medioetan txertatzeko eta irakurriko ez diren horien hutsuneak betetzeko.

Kideren baten sare sozialen estatusean, “Arantza, handia zara”, beste batenean, argazkia. Kasualitatea, biak emakumeak izatea? Zer egin Arantza, Teresa eta besteak ahanzturara ez eramateko? Sare sozialetako kodeak apurtuz (berehalakoan posteatzea, alegia) ene sareetan zabaldu dut Arantzaren argazkia. Euskal gatazka eta memoria feministaren transmisioan influencer deiturikoa bilakatu nahian. Jakinik ez ditudala like asko lortuko, nirean jarraitu dut gogoratzen eta horretarako denbora hartzen, lerro hauek idazten. Aleka baino, kolektiboki ekiten eta eragiten jarraitzeko asmoz. Bagoaz aurrera, baina asko dugu egiteke. Gure alabek ahaztu ez ditzaten, jakin dezaten nondik gatozen eta zuen semeek beraien izenak irakur ditzaten. Izena duenak baitu izana.