argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Teknologia bizigarriak?
Diana Franco Eguren 2025eko irailaren 10

Teknologien azken joerengatik galdezka aritu da mastodon.eus-eko erabiltzaile bat, ezagutzen zuenak ez baitzion zirrararik eragiten. Zer pentsatua eman digu zenbaiti, eta jaso dituen erantzunak oso ezberdinak izan dira.

Nik adierazi diot teknologiek gizakion arteko harremanetan duten eraginean begia jartzen nahikoa pizgarri dudala, teknologiek munduan errealitate ezberdinak sortzeko duten gaitasuna ulertzen saiatzen ez naizela aspertzen. Nire erantzuna berrirakurtzerakoan, ohartu naiz zeinen finkatuta nagoen teknologiek eragin dezaketen zapalkuntza ereduetan. Baliteke, gauza berriak sortzeko ezagutza faltan, hori dela egin dezakedan ekarpen bakarra, edota urtetako esperientzia dela eta, erosotasunean jausi naizela. Dena den, pentsamendu horrekin batera berriro Donna Harawayren hitzak burrunbaka hasi dira nire baitan: “Behar dugu beste errealitate bat pentsatu, irudikatu, behar dugu besteekin errealitate hori josten hasi...”. Uf, erraza dirudi, baina lan asko da, nork du gaitasun eta indar hori?

Galdera berari erantzuten, beste pertsona batek oso ikuspuntu ezberdina partekatu du, sorkuntzari eta komunitateari lotua. Honako proiektu teknologikoak aipatu ditu, teknologia bizigarri bezala:

- PostmarketOS: Mugikorrentzat Linux sistema eragilea.
- Meshtastic: Irismen luzeko irratiekin, komunikazio azpiegiturarik gabeko lekuetan sareak sortzea ahalbidetzen duen proiektua.
- Reticulum: Tokiko sareak sortzeko baliabidea.
- Veilid: Komunikazioak pribatutasunean oinarrituko dituzten aplikazio garapenak sortzeko plataforma eta protokoloa.

Partekatu dituen teknologia horiek oso gainetik kuxkuxeatu ondoren ohartu naiz zeinen zirraragarria den bizi dugun garaia, teknologiek sor dezaketen gizartearen antolaketari dagokionez. Bada munduko gizateriaren baitan gizaki lagin bat, gizatasun sakonekoa, teknokapitalismoa gainditu duena: pentsatzeko, irudikatzeko eta besteekin sortzeko gaitasuna duena, denon onurarako.