argia.eus
INPRIMATU
Parte izan, parte hartu eta parte eman
IƱaki Barcena 2025eko irailaren 10

Ez dira gauza bera. Sistema demokratiko bat, edozein eskalan, parte-hartzailea ez bada ez da demokratikoa. Demos batek ez badu lehentasunik erabakiak hartzerakoan, demokrazia eredu hori hutsala da. Israelgo Estatuan hauteskundeak egiten dira, baina ariketa politiko horrek ez dio legitimazio demokratikorik ematen nazioartean. Legitimazioa diot, herriengandik jasotzen den onespena, ez estatuburuek ematen duten oniritzia.

XXI. mendea ez da hasi Gorbatxov eta Reagan-en garaian euromisilen krisia eta gero iragarri zen moduan, bakerako norabidean, alegia. Aldiz, politikoki eta ideologikoki mundua bitan banatzetik, “inperioen” arora pasatu gara globalizazio kapitalistaren bultzadaz, eta 40 urte pasa eta gero globalizazio ekonomiko, kultural, politiko eta komunikatibo horren eztanda ezagutzen ari gara modu krudelean. Zer egin mundua demokratizatzeko?

Duela 30 urte demokrazia parte hartzailea proposatu zen gure arazo politikoak bideratzeko. Eta zenbait esperientzia interesgarri izan eta gero (hasierako aurrekontu parte hartzaileak, kasu) biraketa neoliberala sumatzen da prozesu parte hartzaileetan (Jone Martinez Palacios, EHU, 2021). Ikerlari feministaren ustez, diagnostikoan hiru osagarri nagusi agertzen dira: demokraziaren krisiaren naturalizazio mekanizista,  partaidetzaren burokratizazio neoliberala eta partaidetzaren merkantilizazio pribatiboa.

Parte hartzeaz hitz egitea da (edo izan beharko luke) botere erabileraz berba egitea. Boterea birbanatzeaz eta gizarte-sektore desberdinetara iristeaz

Ados gaude. Horregatik diogu ez dela bera, parte izatea (erabakiak hartzeko kolektibo baten partaide “legal-ofizial” izatea), parte hartzea (erabaki politikoak hartzeko konfrontazioan egotea) edota parte ematea (instituzio politikoetatik parte hartzeko gonbita egitea).

Politika gatazka da. Gatazka, talde sozial eta politikoen arteko harreman desorekatuetan, boterearen bila. Parte hartzea tresna bat izan daiteke harreman horiek ezabatzeko edo arintzeko. Horregatik, parte hartzearen zentzua  modu sistematiko eta jarraituan presente egotea da, egitura asimetriko eta sozio-politikoki gatazkatsuetan. Eragile eta sektore sozialen ideiak, balioak edo interes kontrajarriak islatzen.

Parte hartzeaz hitz egitea da (edo izan beharko luke) botere erabileraz berba egitea. Boterea birbanatzeaz eta gizarte-sektore desberdinetara iristeaz. Desjabetuak, kaltetuak edo baztertuak  direnak birjabetzeko erabiltzea.

Horregatik, parte hartze demokratizatzailea informazioa banatzea, kontsultatzea edo aholkatzea baino gehiago da. Botere-erlazio asimetrikoak identifikatzea eta berdinen arteko harremanetan eraldatzea da.