argia.eus
INPRIMATU
Nire garuna ote naiz? (eta II)
Tere Maldonado @teremaldon 2025eko irailaren 10
DOM CAMPISTRON

Ez dut ikusi nahi gorputza arimaren kartzela gisa. Baina ezin dut saihestu gorputz atletikoak, gazteak, osasuntsuak, ulertzea luxuzko ibilgailuak balira bezala, jabeen eramaile arinak. Gazte (osasuntsu, atletiko) ez garenon gorputzek ere bere jabeok eramaten gaituzte, baina kasu honetan kotxe zaharrak dira, batzuetan ez dabiltza, erregaia azkar agortzen dute, aldapa goretan trabatu egiten dira, jabeak botata utzita. Jabea diot, arima (psiké) ez esateko. Batzuetan autoak gurpil bat galdu du eta arrastaka doa; besteetan, ez du lortzen ezta abian jartzea ere, edo metro gutxira gelditzen da. Irudikapen horretan ibilgailua ez da gidaria, baina gidaria ezin da ibilgailutik atera. Mantentze-lanak egoki eginda (oinarri ona izanda) autoak kilometro asko egin ditzake. Baina, ez bagara lehenago hiltzen, iritsiko da momentu bat non, gorputza –ez gizenena bakarrik– astunegi bihurtzen dela. Dena malda gora bilakatzen da, denak ahalegin handia eskatzen du. Imajina dezakegu zer bihurtzen den bizitza, pilotua bera denean txotxatzen hasten dena eta, Rafael Berriok abesten zuen legez, aurpegiak eta izenak lausotzen hasten direnean.

Ikusten duzuenez, berriro ere gorputzak eta euren jabeak, autoak eta euren gidariak... Baina gorputzen jabeak bagara (“nire gorputza nirea da” ) orduan ni ez naiz nire gorputza edo, Markus Gabriel filosofoak dioenez, ni ez naiz nire garuna (garuna gorputzaren zati bat baino ez da). Nahita, ez dut esan “gure” gorputza; “garuna gure gorputzaren zati bat baino ez da” esango banu, sast, dualismoa berriro! “Gure” hitzak berak suposatzen du gauza norbaitena dela, kasuan kasuko gorputza ez dena. Hasieratik bertatik ohartarazi nizuen hau nahaspila zela.

Nik, dualista izan nahi ez dudanak, poztu egin beharko nuke Sapolskyren arrakastarekin, baina ezin dut burutik kendu galdera: nor poztu behar da, nire garuna ala ni neu?

Lege fisikoen pean egonik ere (ezin dugu ekidin grabitatearen legea) materia hutsa ez garelako usteak ahalbidetu du aukeramena daukagula suposatzea, eta meritua, errua edo erantzukizuna bezalako kontuak ekarri ditu. Lege fisikoak ez lirateke izango, gure kasuan, azken hitza. Bada, ni ez naiz nire garuna bezalako planteamenduen aurka, Robert M. Sapolsky zientzialariak duela urte pare bat Determinatua: aukeramen askerik gabeko bizitzaren zientzia izeneko liburua argitara eman zuen. Ez pentsa bi gremioen arteko eztabaida denik, alde batetik filosofoena, bestetik zientzialariena. Sapolskyren ideiak onesten eta ospatzen dituzten filosofoak dauden bezala, badira horiek ukatzen dituzten zientzialariak ere. Sapolskyk berea argitaratu zueneko aldi berean, Kevin J. Mitchell genetika irakasleak Agente askeak: nola eboluzioak borondate librea eman zigun liburua atera zuen.

Oker ez banago, salmenta ikuspuntutik Sapolsky arrakastatsuagoa izaten ari da. Argitaletxeak honela aurkezten du: gure gorputzari zer egin behar duen esaten dion ni bereizi bat existitzen delako fantasia atseginari aurre egiten dio bikainki, kontzientziaren funtzionamenduaren sintesi bikaina da. Gurean, Juan Ignacio Pérez Jaurlaritzako sailburu eta zientzialariak, erreseina luzea (eta gomendagarria) eskaini zion bere blogean. Nik, dualista izan nahi ez dudanak, poztu egin beharko nuke Sapolskyren arrakastarekin, baina ezin dut burutik kendu galdera: nor poztu behar da, nire garuna ala ni neu? Norentzat da atsegina ni bereizi bat (autoko gidari bat) existitzen delako fantasia, garunarentzat ala niretzat? Norentzat da kontsolagarria niaren fikzioa? Pozik ala triste egoteko gaitasuna daukate garunek? Edo gu gara pozten edo tristatzen garenok? Batek daki. (Nork ote daki?).