argia.eus
INPRIMATU
Munduko auzitegi gorenak klimari buruzko estatuen ardurak argitu izanak ze aldaketa dakar?
  • Garaipen historikotzat jo dute hainbatek: duela sei urte Ozeano Bareko estatu zaurgarrietako ikasle talde batek bultzaturiko ekimen baten ondorioz, Nazio Batuen auzitegi gorenak iritzia plazaratu du uztailaren 23an, zeinak munduko estatuek klima aldaketari begira dituzten betebeharrak zehazten dituen. Legalki loteslea ez izan arren, erreferentzia sendoa izan daiteke estatu kaltetuenek galerak konpentsatzeko eramanen dituzten auzietarako. 

Nicolas Goñi 2025eko irailaren 11
Vanuatuko zuzenbideko ikasle talde batek Nazioarteko Justizia Auzitegira jo zuen 2019an, klimari buruz estatuen ardurak zehaztea eskatzeko. Aurtengo uztailean emaitza lortu dute. PISFCC

Urte hasieratik metatu dira klimaren inguruko berri txarrak: hamaika atzeranzko erabaki politiko AEBetan, mundu mailan eragina izanen dutenak; klima aldaketak indarturiko hondamendi ugari –Kanadako edo Europa hego-mendebaldeko suteak kasu–; eta ozeanoen zirkulazio sakona gelditzeko arriskua uste baino hurbilagoa dela erakutsi izana –Europako klima zeharo eta hamarkada pare batean eraldatuko diguna–. Panorama ilun honetan guti dira gertakari itxaropentsuak, baina halako bat izan zen uztailaren 23koa, hainbat ekintzailek, kazetarik eta eskubide adituk historikotzat jo dutena. Egun hartan, Nazioarteko Justizia Auzitegiak, Nazio Batuen auzitegi gorena denak, iritzi aholkulari bat –advisory opinion– plazaratu zuen, munduko estatuek klima aldaketari begira dituzten betebeharrei buruzkoa.

Pacific Island Students Fighting Climate Change (Klima Aldaketaren aurka Borrokatzen diren Ozeano Bareko Uharteen Ikasleak) gazte antolakundea dugu iritziaren plazaratzea ekarri duen ibilbidearen oinarrian. Zuzenbidean ikasle, Vanuatuko Port Vilako campusean antolatzen hasi ziren 2019an, irakasleek jarritako erronkari erantzuteko: klima aldaketari ekiteko, nazioarteko eskubidea nola erabili? Galdera horretatik abiatuta, Nazioarteko Justizia Auzitegira jo zuten, eta Vanuatuko Gobernuak lagundu zien bertze estatuen bermea lortzeko. Luzea izan da –sei urte baino gehiago– baina 123 estaturen babesa jasorik, azkenean emaitza lortu dute, Nazioarteko Justizia Auzitegiak adierazi baitu estatuek betebehar legala dutela klima aldaketa murrizteko, baita eragindako kalteen konpentsatzioak hornitzeko ere.

Munduko hainbat uharte-estatu txikik txalotu dute auzitegiaren erabakia. Karibeko Saint Vincent eta Grenadinak estatuko lehen ministro Ralph Gonsalvesek eskubide garaipen historikotzat jo du: “Oso interesgarria iduritu zait iritziak dioela klimari buruzko hitzarmen garrantzitsuetan adieraziak diren betebeharrak ez direla bakarrik prozesalak; oinarrizko betebehar legalak sortzen dituzte.” 

Zer dio iritzi harek?

Berotegi efektuko gasen (BEG) isurketen ardura duten eta klima aldaketaren eragina gehien pairatzen duten estatuen arteko auziak izatekotan, iritzi horrek hainbat elementu zehazten ditu. Bereziki, gaur egun arduren atribuzioa aski argia dela dio, kausen determinazioa ahalbidetzeko eta estatu batek BEG isurketak murrizteko neurriak hartu beharra bete ote duen argitzeko. Estatu baten jurisdikziopean diren sektore pribatuen isurketak –erregai fosilen sektorearenak zehazki– ere estatuaren ardurapean dira iritzi horren arabera, Ingurune Zuzenbideko Institutuak 8 (Environmnetal Law Institute) dioskunez.

Auzitegiak dio klimari buruzko nazioarteko hitzarmenak –1997ko Kyotoko protokoloa eta 2015ko Pariseko hitzarmena– direla klima aldaketari dagokionez nazioarteko erantzuna arautzen duten tresna legal nagusiak. Bi hitzarmen horiek izenpetu dituzten estatuei eskatzen zaie arintze eta egokitzapen neurriak hartzea eta –gehiegitan ahazten dena– kooperatzea. Herrialde industrializatuak ere behartuak dira BEG iturri eta xurgatzaileei buruzko kontrol neurrien inguruko informazioa plazaratzera.

Eta hitzarmen horiek izenpetu ez dituzten –edo, AEB bezala, horietatik atera diren– estatuei dagokienez zer? Ohiko nazioarteko legediak behartzen ditu halere ingurune-kalteak saihestera, arretaz jokatzera eta eskuragarri dituzten baliabide guziak erabiltzera horren alde, bakoitzak dituen ardura eta gaitasunaren arabera.

Ondorio legalak

Ingurune Zuzenbideko Institutuak dioenez, iritzi honetan ezohikoena da erregai fosilen sektorearen aipatze esplizitua, hainbat COP gailurretan petrolio ekoizleen presiopean saihestu zena. Erregai fosilen erauzketan eta kontsumoan estatu baten jokaera –erauzteko baimenak edota diru-laguntzak barne–, izan daiteke nazioarte mailako akats legal bat, estatuari leporatzen ahalko zaiona. Sektore pribatu baten isurketak mugatzeko araudirik ez hartzea betebeharren urraketa dela dio iritziak. Horren arabera, gaur egungo estatu asko dira beraien betebeharrak urratzen ari.

Auzitegiak dio halako urraketa kasuetan estatuen ardura arauak direla aplikatzen: estatu batek jokaera kaltegarria geldiarazi behar du, ziurtatu ez dela errepikatuko eta egindako kalteen konponketa hornitu. Galera eta kalteen konpentsazioa aipatu genuen ARGIAren 2.804 zenbakiko COP27-ak klima kudeatzeko eredu falta eta legedia ekonomikoen indarra agerian utzi ditu erreportajean. Gailur horretan adosturikoa ez zela aski salatu zuten hainbat herrialde zaurgarrik. Iritzi berri honek baliabide legal berri bat emanen die konpentsazioak eskatzeko.

Auzitegiaren iritziak azpimarratzen du, halere, arduren zehaztea auziz auzi egin beharko dela. Salaketa ezartzen duen gobernuak frogatu beharko du gertaera edo tendentzia bat klima aldaketak eragin duela, eta estatu batek edo multzo batek horren ardura duela. Auzitegiak dioenez, zientifikoki posible da isurketa globalei estatu bakoitzaren kontribuzioa zehaztea; eta ondoren, arduraren egoztea eta partekatzea auziz auzi egin beharko dira.

Iritzi honetan garrantzitsua da betebeharrak nazioarteko komunitateari buruzkoak direla, baita hitzarmen bereziak izenpetu dituzten estatuei buruzkoak ere. Horrek estatu askori aukera ematen die betebeharren urraketak salatzeko.

Inplikazio konkretuak

Iritzi aholkulari honen ahulezi nagusia zera da: ez da legalki loteslea. Gainera, ez ditu aipatzen klima justiziaren aldeko mugimenduaren asmo handiko osagaiak, hala nola, naturaren eskubideak, lurraldez kanpoko juridikzioa, edo baliabide banaketaren inguruko kezkak.

Baina auzitegiaren estrategia logikoa da: sistema klimatikoa desorekatzen duten estatu edo sektoreak seinalatu baino, marko zabal bat ezartzen du, halako kasuak etorkizuneko auzitan epaitzeko. Nazioarteko Justizia Auzitegiak hamabost epaile ditu, kontinente guzietakoak, eta tartean, gaur egungo kutsatzaile handienak diren AEBetako eta Txinako bana. Osaketa horrek ordezkagarritasun eta zilegitasun handia ematen dizkio iritziari. Legalki loteslea ez izan arren, erreferentzia sendo bat ematen die auziak abiatuko dituzten herrialde kaltetuenei. Ez da gutxi.