argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Udako postalak
Ula Iruretagoiena 2025eko irailaren 10

Ikasturtearen hasiera, lankideekin, laneko deskantsuan, kafe baten inguruan, atzean utzitako hilabeteen oroimenak mahairatuz. Deskantsua paraje desberdinetan egin izanagatik ez ditugu alboratu gizarte gisa ibiltzen dugun garaia. Distantzia hartu eta geldiunean gaudenean gai gara hiriko zenbait errealitate harrapatzeko, souvenir gisa.

Suitzako Basilean etxe trukaketa egin duenak kontatu du hiriko hondakin domestikoen jasotzea oso arduratsua dela, eta etxeko hondakinen erregaiarekin hiri osoko (!) kalefakzio-sistema sortzen dela. Hondakinen kudeaketa eta ekonomia hiritartzean eta onura kolektiboa izaterakoan, norbanakoaren inplikazio naturala gertatzen da (fact). Horrelakoetan euskal gizarteak beste liga batean jokatzen duela ematen du; hondakin domestikoen kudeaketan gardentasun falta dago gizartearen konfiantza erakartzeko. Nola eta zertarako burutzen den birziklapena, askoren mesfidantza.

Paris aldean, kale askoren eraldaketak arreta ematen omen du. Bizikletaren presentzia handiaz gain, kaleen osaeran landaredia espazio handia hartzen hasia da, zuhaitz eta zuhaixken bizitoki zabala, oinezkoari eta landareei emandako espazioa antzerakoa izateraino. Itxura aldatzearekin batera, hiriko lorategigintza eta lorezainen kopurua nola eta zenbatean aldatuko ote zen, azpiegitura berdeak leku bat topatuko balu hiriaren ekonomian. Gasteizko lorazainen greba buruan.

Bizkaiko Busturialdean uda igarotzen duenak esan du urteroko betiko txiringitoan lehen aldiz ez dutela lekurik aurkitu, ingelesek hartua zutela. Bertakoentzako altxor-lekuek gureak izateari uzten diotenean, kolonizazio sentsazio itogarria sentitzen da, eta ardurak kolpatzen gaitu. Egoera baten deskontrolean gaude dagoeneko, ala urrutiago iritsi daiteke lurraldeen okupazioa kanpotar eta dirudunen aldetik? Baina gu garenean beste lurraldeetan sartzen garenak, denok festaren partaide garela ohartzen gara. Musika nork etengo duen arte, jarraituko dugu dantzan...