argia.eus
INPRIMATU
Desberdintasunen garrantzia nazioarteko politikan
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2025eko irailaren 10

Trumpen muga-zergen dantza da azken hilabeteetako berri nagusietako bat. Gerra komertziala eta ekonomikoa hedabideen eta analisten ahotan daude oraindik ere. Gehienetan, baina, herritarrei gauzak era oso sinplean azaltzen zaizkie, gutxi-asko esanez Etxe Zurian ero bat dagoela horrelako erabakiak hartzen. Azalpenak sofistikatuagoak direnetan, nazioarteko politikan dagoen kontraesan nagusia mahai gaineratzen da: AEBen eta Txinaren arteko lehia. Halere, neoliberalismoaren ideologia gailendu den Mendebaldeko gizarteetan nagusitu den azalpena da gerra ekonomikoa txarra dela mundu guztiarentzat (egia izan litekeena). Adibide gisa aipatzen da AEBetako erabakiek Txinako ekonomia kaltetzen badute, horrek AEBetako ekonomia ere ahulduko lukeela, bi herrialdeen interkonexio mailagatik. Beste behin ondorioa da Trumpen erabakia irrazionala dela.

Kontua da, salbuespenak salbuespen, mota guztietako gerretan bando guztiek galerak dituztela, baina, halere, gerrak egon badaude, izan muga-zergekin edo tankeekin, gerren helburua boterea delako. Ekonomian eta nazioarteko politikan desberdintasunak eta estatusa oso garrantzitsuak dira boterea ulertzeko, nahiz eta badirudien azken hamarkadetako hegemonia neoliberalak kontzeptu horiek eztabaida guneetatik atera dituela. Liberalek azpimarratzen dute ekonomia ez dela zero baturako jokoa, horregatik, bi pertsona aldi berean aberastea posible dela diote. Logika horren txanponaren beste aldea da pertsona bat kaltetzeak beste pertsona bat kaltetzea ere ekar dezakeela. Bestela esanda, pertsonen (eta herrialdeen) etorkizuna gatazkatsua izan baino, lotuta dago, pobreen egoera hobetzeko aberatsen egoera hobetu behar omen da.

Trumpek Txina kaltetu nahi du bere garapen ekonomikoa oztopatu eta AEBetako botere estatusa gordetzeko. Ikusteko dago Trumpen estrategiak funtzionatuko ote duen

Errealitatea, ordea, ez da hain sinplea. Dena ez da kuantitatiboa. Demagun bi pertsona aberasten doazela bien arteko lankidetzarekin, hasieran A pertsonak 100 euro zituen eta B pertsonak 10. Urte batzuk geroago, biek hobetu dute eta Ak 900 euro ditu eta Bk 850. Ak, baina, argi ikusten du bere hobekuntza Brena baino txikiagoa dela eta, gauzek horrela jarraitzen badute, etorkizunean aurre hartuko diola, eta bien arteko estatusean aldaketa handi bat gertatuko dela; baina errealitatean aldaketa emana dago.

Lehen, Ak Bk baino hamar aldiz diru gehiago zuen, ondorioz, Ak botere handia zuen Bren gainean; azken horren behar ekonomikoagatik, Ari laneskua eta botoa oso merke saltzen zizkion. Baina, orain, diru gehiago duenez, ez du botoa saltzen eta laneskuaren prezioak gora egin du: Ak Brengan zuen botere zati oso handi bat galdu du. Baina ez da hori bakarrik, lehen A uharte batera joaten zen oporretan eta bertako guztiak bere esanetara zeuden, orain, ordea, B ere bertara doa, ondorioz, prezioek gora egin dute eta bertako populazio guztia ez dago Aren esanetara.

Desberdintasun ekonomikoek boterea sortzen dute, zenbat eta desberdintasun ekonomiko handiagoa, orduan eta botere handiagoa izango du aberatsak pobrearekiko. Nazioarteko politikan gauza bera da, Trumpek Txinarekin duen gerra ekonomikoak AEBetako ekonomia kaltetu dezake, baina zenbakietatik haratago, Trumpek Txina kaltetu nahi du bere garapen ekonomikoa oztopatu eta AEBetako botere estatusa gordetzeko. Ikusteko dago Trumpen estrategiak funtzionatuko ote duen, egiazki ez dut uste, baina edozein kasutan, Business as usual egiten jarraitzen badute, Txina indartuz jarraituko du eta Washingtonen botere galera azkartuko da.