Londres, 1940ko irailaren 7a. Hegazkin alemaniarrek hiria bonbardatu zuten, Britainiar Uharteen eraso masiboa abiatuta. Edo, bestela esanda, blitz-a hasi zen.1941eko maiatzera arte luzatu zen eta, amaitu zenean, britainiar lehen ministro Winston Churchillek “su artean denok elkarrekin aurrera egin” izana jo zuen erresistentziaren gakotzat. Eta blitz-aren aurkako erresistentzia eta elkartasunaren sinbolo nagusietakoa Londreseko metroko tuneletan babestu ziren herritarren argazkiak dira.
Baina argazki horiek ez ziren egin Churchillen gobernuari esker. Alderantziz, britaniar gobernuaren debekuaren aurka, langileek egindako ahaleginak ahalbidetu zuen irudia.
Irailaren 7ko gauean bertan, bonbardeketek gehien kaltetu zituzten eremuak East Endeko langile auzuneak izan ziren, hiriko gune industrial nagusia jomuga baitzuten erasoek.
Auzo aberatsak babeslekuz ondo hornituta zeuden, baina East Enden ez zegoen bunker nahikorik bertako biztanleentzat. Eta gobernuak herritarrei metroko tuneletan babestea debekatu zien
Auzo aberatsak babeslekuz ondo hornituta zeuden, baina East Enden ez zegoen bunker nahikorik bertako biztanleentzat. Eta gobernuak herritarrei metroko tuneletan babestea debekatu zien, sarbideak itxita. East Endeko langile mugimenduko kideek –nagusiki, alderdi komunistako militanteek– kanpaina bat abiatu zuten orduan, metroko ateak irekitzeko eskatzen. 100.000 eskuorri banatu zituzten, 5.000 kartel jarri… baina, gobernuak entzungor jarraitzen zuenez, ekintza deigarriago bat egitea erabaki zuten. Irailaren 14an, 100 bat lagunek Savoy hotelaren babeslekua okupatu zuten, erdigune aberatsaren bihotzean.
“Egoera muturrera eramatea erabaki genuen” kontatuko zuen gero Phil Piratin ekintzaile komunistak. “Polizia etorri zenean han zer egiten genuen galdetu ziguten; ez zegokigun toki bat hartzen ari ginen. Erantzun genien ez genuela hor egon nahi, metroko ateak irekitzea nahi genuela”.
Ekintzak oihartzuna lortu zuen behintzat. “East Endeko langileek Savoy inbaditu dute zioen prentsako titular batek, blitz betean langileak inbaditzailetzat jotzeko inolako lotsarik gabe. “Pribilegioak eskatzen dituzte Londresko luxuzko hotelean”, gaineratzen zuen artikuluak.
Ateek itxita jarraitzen zutenez, East Endeko biztanleen artean metroko ateetara hurbiltzeko deia zabaldu zuten orduan. Gobernuak soldaduak bidali zituen ateak babesteko, baina geroz eta jendetza handiagoa bildu zen, burdin-hesiei bultzaka hasi ziren eta, presioa jasanezina bihurtu zenean, orduan bai, gobernuak amore eman eta herritarrei gauez metroan babesteko aukera eman zien.
Gatazka hori langileek irabazi zuten eta metroko argazki ezagunak langileen elkartasunaren sinbolo izan beharko lukete. Baina domina hori ere Churchillek bere paparrean zintzilikatu zuen.