Bizipen multzoa da gure historia. Esperientziek osatutako atal eta kapituluak. Errutina eta egunerokoa zipriztintzen dituzten gertaerak. Baina adin batera iritsita, bizi izandako momentu batzuk atzenduta geratzen dira, buruaren zokoren batean ostenduta. Ez ahaztuak, abandonatutxo, agian.
Edozerk, ostera, berpitz lezake gertakizuna, urteen geruzek ondotxo estali badute ere. Metxa izan liteke prentsako erreportaje bat, norbaitek kontatutako zeozer, edo aliritzira egindako txangoa. Orduan, oroimeneko arkeologoa lanean hasten da jo eta su. Magikoki, gertakizun hura ganbarako kutxatik irten, eta akordura etortzen da, distiratsu. Zerk zokoratu zuen asmatu ezinda, berreskuratzen dugu, miretsita burmuinaren barrenean gorde genuelako gura barik.
Jazoera hura ez eze, inguratzen zuen guztia esnatzen du: usainak, kantak, pasadizoak, sentimenduak…
Orainak, baina, desitxuratu lezake guztia. Errepide bat eraiki dutelako, eta parajea suntsitu, esaterako. Errealitateak gure bizipenak marguldu ditu.