argia.eus
INPRIMATU
Berriketa gutxi
Euskal. Jai.
Imanol Epelde 2025eko irailaren 10

Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta kantatuko dugu euskal hori?

Testuingurua nik emango dizuet: Zarautzen, irailaren 9an, urtero ospatzen dugu euskal jaia. Orain dela 100 urte baino gehiago sortu zen eguna: Zarautza etortzen ziren markes eta kondeen udako egonaldia luzatzeko, eta bide batez, gure bizi-ohiturak erakusteko. Orain, gu bihurtu gara markes: garbitzaile gero eta gehiago dauzkagu etxeetan, zaintzaileak bestela, eta prestatutako janari gero eta gehiago sartzen zaigu tuperretan. Euskal jai egunean gerrikoa nola lotu eta txapela ondo nola jarri asmatu ezinean ibiltzeko.

Etxeko lanak egiten laguntzeko galdera batzuk segidan, bakarka edo taldeka egiteko: 1) Zer helburu beharko luke euskal jai batek gaur egun? 2) Zer adieraziko diegu euskaraz ondo jakin eta erdaraz bizi diren gero eta euskaldun gehiago horiei? 3) Zer eskainiko edo eskatuko diegu gaurko gazteei? 4) Zer herrira bizitzera etorri zaizkigunei?

Euskarak talo, erroskilla eta txakolin gustutik haratago, trikitia eta gaita-joleez haratago, behar ditu erronka eta jolas berriak, jai berriak, errito berriak. Talo postuez gain sushi postuak, poke bowlak. Gure zapore bihurtu behar ditugu enpanadak, perrerekeak eta sancochoak. Txorizo eta haragi egosia bezain euskaldun behar ditugu bihurtu munduko zaporeak. Erromeria bat bezain euskaldun trap kontzertu bat.

Gure burua asmatzen segi beharko dugu garai aldakor eta inteligente hauetan. Jaiak ere bai. Proposamen bat. Euskalduna jauregian elkartzea aurtengo abenduaren 3ko egitaraua elkarrekin prestatzeko, etxeko lanak egiten dituztenekin. Egin ez dituztenek talo kolpe bana jasoko dute. Edo akaso hobe, arepa kolpe bat.