argia.eus
INPRIMATU
Txitxar txiroak
Bea Salaberri @beatxo 2025eko irailaren 03a
MAIDER LETURIAGA

Dena ongi doa. Nola izan liteke bestela opor garaian, gora eta behera, ase arte ibili ondoan? Zeregin zehatzik gabe alderrai ibili gara, gogoa ematen zigun leku eta jendeen artean. Gustukoa baizik ez dugu egin, ez-atsegina zena ahantzi eta baztertu, jainko tipiak bagina bezala, eta horrela iraunen genuke gogotik, geroan ere, uda eta oporrak bukatu ondoan.
Autoko berinak zabalik, etxerako bidean goaz jada, ileak airean harroturik. Goiza argitzen hasi da, eta Provence-ko mendixketako harriek urre kolorekoak dirudite. Larretan gaindi, usain gozoak hedatzen dira: erromeroarena, izpilikuarena, salbia basatiarena. Haize arinak, xuxurla gozoan, olibondoak eta izei luzeak dantzan jartzen ditu. Kanpoan, bide saihetsean, mahastiak luzatzen dira, errenkadaz errenkada. Geldituko  bagina, txitxarrak entzunen genituzke engoitik. Eguzkiaren beroa oraindik leuna bada ere, lehen txitxar bat hasiko litzateke, bakarrik, tzirr-tzirr, eta gero beste bat, eta beste bat, tzirr, tzirr, tzirr eta bat-batean giroa gortuko lukete, tzarr-tzarr-tzarr… Baina ez gara geldituko, etxerako bidean baikara, lehenbailehen heltzekotan, han berriz gozatzeko, lasaitasuna, etxea, eta...

Eta, autoko alarma batek jo du… Tiuta bat-batekoa eta zorrotza izan da, gure baitako irribarrea urratu duena. Badakigu, laster, ez dugula aitzina egiten ahalko, autoa ikaran ari baita jada, kolpeka aitzina eginez. Eta azkenean, autoa gelditu da, eta berekin batera mundua: ez da gehiago txitxarren dardararik, ez pinudiaren xuxurlarik, ez mahastien lerrorik eta olibondoen dantza gozorik. Paisaia ederra hortxe da oraino, ez gara haren parte dagoeneko.

Zein gauza gutxi garen orain, autobide bazterrean, kamioien burrunba astunen artean, txitxar txiroak hesi metalikoen gibelean

Eta jainkoak bezala bizi ginen unetik landa, hain laster, zein gauza gutxi garen orain, autobide bazterrean, kamioien burrunba astunen artean, txitxar txiroak hesi metalikoen gibelean. Telefonoari deika hasi gara: segurantza, laguntza, paperak, hitz teknikoak. Hitz horien artean desegin da zoriona. Bai, garabia gure bila etorriko da. Oraintxe. Ordua ez dakigu zehazki: laster, edo berantago, dena da posible. Zaila zaigu segurtamenik ukaitea, motorra itzali denetik, ez baikara deus bide hegian, besteen meneko panpinak, besterik ez. Garabi, konpontzaile eta aseguruen esku egonen gara, noizbait, eta badakigu ez dugula berehalakoan nahi duguna egiten ahalko.

Azkenean, bai, heldu da kamioia, eta hartan, gizon bat, bibote lodikoa, eguzki betaurrekoak soinean. Gu salbatzaile baten esperoan egon gara; hark, lagun on baten garajera eramatea proposatu digu, ez baita erraza izanen, dioenez, eskuak gerrian kokaturik, begirada zuzen eta dudarik gabekoarekin. Baiezkoa eman diogu iradokizunari –zer erantzun bestela–, autobidetik lehenbailehen ateratzeko asmoz. Garajea izanen da ondoko helmuga: ez hondartza, ez mendia, ez postaletako irudia, baizik eta burdinaren usaina, olio zaharra lurrean, eta mekanikariaren esku beltzak. Eta leku honetan ere, gauza gutxi izanen gara, azalduak izanen zaizkigun aberien ezjakin hutsak, eskainiak izanen zaizkigun konponbideen sinestun handiak. Eta zorionekoak baikara, dena ongi aterako zaigu: bizkitartean, hiru eguneko epean eta hilabete sari baten heina ordaindurik. Oporretan gastatzeko genuen aurrekontua bikoiztuko du aferak; lanerako gogorik ez bagenuen ere, gure abenturek horretaratu gaituzte.

Eta hor konturatzen gara: bai, bizitzak badu ironia, txitxarren kantuari uko eginarazteko ez da behar ekaitzik edo uholderik, nahikoa baita auto baten alarma xaloa.