Duisburg (Germaniako Erromatar Inperio Santua), 1569. Gerard De Kremer (1512-1594) geografo, matematikari eta kartografo flandriarrak, Gerardus Mercator izen latinizatuaz ezagunak, proiekzio kartografiko berri bat diseinatu zuen. Proiekzio mota zilindrikoa zen, ekuatorearekiko tangentea. Horrek esan nahi du meridianoen arteko distantzia ez dela aldatzen poloetara hurbildu ahala. Ondorioz, paraleloen arteko distantzia geroz eta handiagoa da Ekuatoretik urrunduz gero.
XVI. mendean itsas nabigazioa indar handiz ari zen garatzen; ontzigintza eta nabigaziorako tresneria nabarmen ari ziren aurrera egiten, eta kartografiak ezin zuen atzean geratu. Mercatorren proiekzioa funtsezkoa izan zen horretan; meridianoek eta paraleloek angelu zuzenezko kuadrikula osatzen dute Mercatorren munduko mapan, eta horrek asko erraztu zuen itsasbideak marraztea.
Meridianoek eta paraleloek angelu zuzenezko kuadrikula osatzen dute Mercatorren munduko mapan, eta horrek asko erraztu zuen itsasbideak marraztea.
Baina alde txarra ere bazeukan Mercatorren mapak: kontinenteak erabat desitxuratzen zituen
Baina alde txarra ere bazeukan Mercatorren mapak: kontinenteak erabat desitxuratzen zituen. Ekuatoretik hurbil dagoena askoz txikiagoa ageri da eta poloetatik hurbil dagoena, aldiz, askoz handiagoa. Esaterako, Frantziak eta Angolak tamaina beretsua dute Mercatorren munduko mapan, Afrikako herrialdea Europakoa baino ia hiru aldiz handiagoa denean. Alaskak eta Brasilek ere antzeko azalera dute mapan, Brasil bost aldiz handiagoa izan arren. Baina alde deigarriena Afrika eta Groenlandiaren artekoa da: Mercatorren maparen arabera, azalera berdintsua dute, benetan Afrika 14 aldiz handiagoa izan arren.
Baina Mercatorren nahiz garai hartako erabiltzaileen interesa itsasoan zegoen, ez lehorrean, eta mapa desitxuratua oso praktikoa zen. Gainera, Ekuatorearen eta poloen arteko erdibidean egonda, Europa ahalguztidunari deformazioak ez dio gehiegi eragiten.
Eta, eurozentrismoak eraginda, Mercatorren munduko mapa okerra nagusitu da azken 450 urtetan. Mapa zuzentzeko ekimenek indar handia hartu dute azken aldian. Correct the Map ekimenak, esaterako, Afrikako Batasunaren babesa lortu du berriki –ekimenak 2018an diseinatutako Equal Earth proiekzioaren erabilera bultzatzen du–. Ekimenaren arduradunen esanetan, “450 urtetan Afrikaren eta munduaren ulermena mapa erratu batean oinarritu dugu. Maiz tamaina boterearekin parekatzen den mundu honetan, Afrikaren benetako eskala itxuragabetzeak bere garrantzia geopolitiko eta ekonomikoari buruzko kontzeptu kaltegarriak indartzen ditu”.