Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.
Irailaren 12an estreinatuko duzu ofizialki Jone, batzuetan, nola sentitzen zara?
Oso pozik eta urduri, estreinaldia hurbiltzen den neurrian. Izan ere, pelikularen aurreko faseetan –idazketa, grabaketa, post-produkzioa…– egoeraren kontrola izan dut, gutxi gorabehera, baina orain datorren fasean, lehenengo aldiz, ez dut izango kontrolik eta filma ikusleena izango da, jendearena. Horrek apur bat urduritzen nau. Ez dut inoiz bizi izan prozesua eta espero dut jendeak gogoko izatea. Ezjakintasun horrekin urduri nago, baina aldi berean pelikula partekatzeko gogoak ditut. Dena den, orain arteko harrera positiboa izan da jaialdietan.
Bai, orain arteko feedbacka oso positiboa izan da. Jaialdi eta erakustaldi ugaritan egon gara eta gero geratu gara solasaldietan publikoaren iritziak jasotzeko. Oro har, jende orok izan du atsegin. Pelikulak sortzen ditugu jendearekin partekatzeko eta zerbait azaltzeko. Ikusleekin hitz egitea jakiteko zein den euren ikuspuntua, zelan jaso duten… Oso polita eta aberasgarria izan da.
Kontrola aipatu duzu, baina filma, gehienbat, Bilboko Aste Nagusian grabatu zenuten, zein kontrol maila izan zenuen?Aste Nagusian grabatzeko sekulako prestaketa egin genuen. Bi urte lehenago etorri ginen taldeko batzuekin ikusteko jaiak. Nik argi neukan, baina, adibidez, argazkigintza zuzendariak edo soinukoek ikusi behar zituzten baldintzak. Halaber, aurreko urtean grabatu genuen txupinazoa zein Marijaiaren erreketa. Une oso txikiak dira, eta baliabide askorik ez genuenez, aurretik grabatu genituen eta plano horiek sartu dira metrajean.
Esan bezala, prestaketa handia egin genuen, lasai geunden, eta hortik aurrera gertatuko zena zoria eta kaosa zen. Zentzu horretan positiboa izan zen, suertatu ziren kasualitateak eta anabasak ondo txertatu genituen eta pelikulan bukatu dute.
Esaterako, bagenekien txupinazoa grabatuko genuela, baina ez Aiora Renteriak egingo zuela pregoi hori eta Marijaiaren erreketan esandako hitzek pelikularekin zerikusi handia izango zutela. Finean, oso kaotikoa izan da, baina baita dibertigarria ere.
Kaosak eragindako pasarte asko geratu dira pelikulan?
Bai, bagenituen eszena asko idatzita, baina aldi berean bagenekien egitarauan agertu ahal zirela zenbait ekintza interesgarri. Bi egun erdi libre genituen horretarako, egitarauko irudiak hartzeko. Horietako bat izan zen Kaskagorriko Gazte Eguna eta egun horretan ez genuen idatzitako ezer grabatu. Egun osoa Kaskagorrin igaro genuen eta pelikulako neska kuadrillak parte hartu zuen bazkarian, bingo musikatuan, elektrotxarangan, txandak egiten…
Gazte Egun arrunt batean egiten dena jaso genuen, nahiz eta azkenean elektrotxaranga bakarrik geratu den pelikulan. Akatu elektrotxarangaren emanaldia Alde Zaharrean ez zegoen aurreikusita, baina filmak une batean emozio hori behar zuen eta agertu da zorte hutsagatik, tartea utzi genuelako horretarako.
Aste Nagusian izanda, jaiak protagonismoa daukate, baina baita gaixotasunak, zaintzak, sexualitate ez heteronormatiboek ere. Film feminista al da?
Uste dut pelikulak begirada feminista duela, baina ez da izan ondorio arrazionala. Ez dugu pentsatu “pelikula feminista egin nahi dugu”. Gidoia idatzi dut Nuria Martin eta Nuria Dunjórekin gure esperientziatik, gure mundua eta zaintza ikusteko modutik… Ez dut esango inkontzientea izan denik, erabakiak hartu behar dituzulako, baina gure egiteko modua da. Ez dugu film feminista edo bolleroa egin nahi izan, baina gure esperientzia hori denez, hori islatu dugu.
Aipatutako osagaien aldetik, zein pisu dauka bakoitzak?
Zaila da zehaztea. Pelikula idazten duzunean eta saldu nahi duzunean, labur azaldu behar duzu, eta zaila egiten zitzaidan. Sentitzen dut mundu asko daudela barruan. Jakina, protagonista Jone da eta zutabea, ondorioz, bere aitarekin duen gatazka da. Aita hiltzeak eta bakarrik geratzeak izutzen dute Jone. Eta hori ezkutatzen du eta ez du hitz egiten. Beste osagai guztiek parte hartzen dute neurri berean, jaia eta udako amodioa erabiltzen baititu etxetik ihes egiteko eta beste pertsona batzuek bera zaintzeko. Jaia, familia eta amodioaren artean oreka handia dago.
Kevin Iglesias filmaren ekoizleak asko azpimarratu du filmaren izaera komunitarioa. Ez dakit zein zentzu ematen diozun zuk, aintzat hartuta zuzendariak bere sinadura utzi nahi duela.
Jakina, niretzat zuzendaria da itsasargia. Jende mordoa dabil lanean pelikulan eta nire eginkizuna da guztien begiradek bide bera hartzea. Hala ere, filma egiteko jende asko behar da, baina kasu honetan, grabaketa taldeaz gain, oso garrantzitsua izan da nire auzoko sarea, lagunen sarea, Bilboko Konpartsena… Zentzu horretan komunitarioa da.
Jone, batzuetan ezinezkoa litzatekeen jende hori inplikatuko ez balitz. Grabatu genuen auzoko botikan, nire amamaren lehengusuen denda den Romaña Ultramarinosen, material guztia Harategi Zaharreko lokal batean gordetzen utzi ziguten, Ainhoa Artetxeren amak laga zigun bere etxea grabatzeko, Kaskagorrik eta Kranbak utzi zizkiguten euren txosnak grabatzeko eta egoteko… Horregatik esaten dut Bilboko Aste Nagusiak dauzkan arima eta autogestio izaera moduren batean pelikulan islatu direla. Laguntza handia jaso dugu San Frantzisko, Alde Zaharreko eta Bilbo Zaharreko jendearen aldetik.
Komunitario izatea hautua edo beharra izan da? Bitarteko gehiago izanda berdin egingo zenukeen?
Ezin dut %100ean erantzun. Grabaketa abiatu baino lehen ez genituen lortu behar genituen diru-laguntzak eta hala ere erabaki genuen filma egitea. Dena den, nik uste dut ez zela izan baliabide faltagatik. Nahiz eta bitarteko gehiago eduki, nahiko nuke horrela egin eta auzoan grabatu auzokideekin. Erabaki hori hartu genuen diru-laguntzena jakin baino lehen. Talde txiki batekin egin nahi genuen oharkabean pasatzeko Aste Nagusian eta oso presente egon nahi genuen auzoan, jendea lasai egoteko, arrotzak ez izateko. Hortaz, uste dut erabaki bat izan zela.
Nolakoa izan da Bilboko Konpartsekin, Kaskagorri eta Kranbarekin lan egitea?
Izugarria. Bilboko Konpartsen bilera bakarrean parte hartu genuen. Hain zuzen, gure lotura Kaskagorrirekin eta Kranbarekin zen eta haiek esan ziguten begirunez joan ahal ginela Bilboko Konpartsen batzar batera. Egin genuen eta guztiei iruditu zitzaien ondo.
Kaskagorrik eta Kranbak asko irakatsi digute euren egiteko moduagatik. Oso eskuzabalak izan ziren euren espazio, azpiegitura eta materialarekin. Kaskagorrin sartzen ginen etxean egongo bagina bezala. Grabatu genuenean eta orain. Alegia, olana erraldoia jarri digute filma iragartzeko, mahai ingurua antolatu dute, trailerra proiektatu dute… Elkarlan oso aberasgarria izan da eta oso eskertuta gaude. Oso erraza izan da eta beti egon dira prest laguntzeko.
Egia da harremana nuela aurretik. Nire ahizpa eta bere kuadrilla osoa Kaskagorrikoak izan dira eta nire kuadrillako batzuk Kranbakoak dira.
Nolakoa izan da lana aktoreekin? Batzuk ez dira profesionalak, inondik inora.
Bi aktore profesional daude: Josean Bengoetxea –Joneren aita– eta Ainhoa Artetxe –Joneren bikotekidea–. Besteek ez dute eskarmenturik izan aurretik. Bizkaia osoan egin genituen castingak Jone, bere lagunak eta Marta –Joneren ahizpa, Elorri Arrizabalaga– topatzeko eta urte osoa egon ginen Amets Zulueta eta biok horretan. Azkenean Jone topatu genuen espero genuen azken tokian. Hain zuzen, Ametsek deitu zien bere kuadrillakoei eta horrela agertu zen Olaia. Eurekin lan egitea oso erraza izan da. Kuadrillakoak lagunak egin ziren eta oso harreman ona sortu zen. Eta Olaia eta Elorrirekin gauza bera.
“Aste Nagusian grabatzeko prestaketa handia egin genuen, eta hortik aurrera gertatuko zena zoria eta kaosa izan zen eta ondo txertatu genuen"
Nik ez nien eman gidoia lehen egunean. Azaldu nien zer zen pelikula, inprobisazio luzeak eta oso orokorrak egin genituen. Adibidez, antzeztu behar zuten guztiekin geratu eta euren amodio istorioei buruz mintzatu, dena asmatuta. Apurka-apurka inprobisazioak zehazten joan ginen eta gero gidoia sartu nuen.
Ohiko prozesua alderantziz egin genuen. Lehenik eta behin harreman ona sustatu genuen guztion artean inprobisazioen bitartez eta gero gidoia landu. Ulertzeko eszena bakoitzak zer esan nahi zuen eta zer adierazi nahi genuen. Guztiak oso azkarrak dira eta oso erraza izan zen. Neskak jaietan zeuden eta testuingurua oso ezaguna egiten zitzaien. Elorri eta Olaia oso lagun bilakatu ziren eta horrek lagundu du.
Azken urteetan emakume zinemagile euskaldunen ahots oso indartsuak agertu dira. Esti Urresola edo Alauda Ruiz de Azua, esaterako. Harremana duzue?
Ez. Esti ezagutzen dut Tabakaleran egin nuelako Noka, euskal zinemagileentzako programa. Garapen prozesuan laguntzen dute eta Estik egin zuen aurreko urtean. Topaketak egin genituen aurreko urteko jendearekin eta oso ondo egon zen, baina horretaz aparte ez dugu sorkuntzari buruzko harremanik. Alaudarekin behin egin dut topo, baina ez dugu harremanik. Euren filmak oso gogoko ditut, baina beste belaunaldi batekoa naiz eta Bartzelonan ikasi dut.
Nire zinema munduaren testuingurua ezberdina da. Orain pelikularekin hasi naiz Bilbora itzultzen. Hori nahi nuen eta aitzakia bikaina izan da. Hemendik sortu nahi dut, euskaraz, eta hemendik azaldu nire istorioak. Bilbo eta Euskal Herria dira nire nortasuna. Edonola ere, nirekin ikasi duen jendearekin sentitzen dut lotura handiagoa. Esaterako, nirekin ikasi dute Alejandro Marín, Celia Giraldo, Julia de Paz eta guztiok parte hartzen dugu besteen filmetan.
1980ko hamarkadatik zinema nahikoa sortu dute Euskal Herriari buruz –azken kasua La infiltrada–, baina maiz gatazka politikoari buruz eta kanpotik, herri mugimenduak zerbait exotiko, ilun eta arrotz izango balira bezala. Zure filmak beste begirada proposatu nahi izan du? Barrutik eta naturaltasunez?
Pentsatzen nuen zein pelikula ikusi nahiko nukeen nerabezaroan. Zinegoaken proiektatu genuen eta jendeak aipatu zidan faltan sumatzen zuela Bilbon gertatzea pelikula “normal” bat, baina hemengo gazteentzat. Hori batek baino gehiagok esan zidan. Egia da nik sortu nuela desira batetik, gehiegi hausnartu gabe, baina sentitzen nuen hemengo begirada batetik falta zela pelikula bat. Hemengoa munduko onena dela esan gabe. Istorioa eta filma sortzeko orduan, niregan eta nire kuadrillan pentsatu nuen, zer nahiko genukeen guk ikusi. Zehazki, protagonistak txupinazoan daudela ikusi eta pentsatzea: “Geu gara!”. Hori bai pentsatu nuela, nire hurbileko jendea identifikatuta sentitzea.