argia.eus
INPRIMATU
Normal plantak egiten
Mikel Basabe Kortabarria 2025eko irailaren 03a

Hilotan, euskara sarritan izan dugu albiste. Txarrerako, euskaltzaleon artean nagusi den aldarte ezkorra ikusita. Baina euskararen egoera txarra dela ez da kontu berria, datuen bitartez beste zerbait iradoki den arren.

Har dezagun, adibidez, hizkuntzak irabazi ei dituen hiztun berrien kopurua. VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, “EAEn 16 urte edo gehiagoko 680.629 euskaldun daude, 1991n baino 261.000 gehiago. (...) Adinari erreparatuz, euskaldunen ehunekorik handiena 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean dago: 16 eta 24 urte bitartekoen %74,5 euskaldunak dira; 1991n %25 ziren”. Horietako gehienek etxetik kanpora ikasi dute; adin horretan, ikastetxeetan. Lehenengo zalantza berez dator: zelan kalkulatu dute euskaldun gehiago dagoela? Izan ere, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, B1 onartzen zaie B eta D ereduetako ikasleei. Horren arabera hartzen dira euskal hiztuntzat? B1 egiaztatuta? Are gehiago: B ereduko ikasleek –kontzertatuko umeak, ia guztiak– lortzen al dute maila hori? Zelan dakigu? Nork neurtu du? Ba al dakite berbetan?

Beharbada, horrexek azaltzen du hainbestetan aipatzen den ezagutzaren gorakadaren eta erabileraren geldialdiaren arteko alde ustez gero eta handiagoa: bene-benetan, ezagutza ez dela hainbeste handitu. Horregatik da hain premiazkoa DBH eta batxilergoa amaitzean gure ikasleen euskara maila neurtzea, ahozkoa barne: benetan non gauden jakin beharra daukagu.

Zelan kalkulatu dute euskaldun gehiago dagoela? B ereduko ikasleek lortzen al dute B1 maila hori? Zelan dakigu? Nork neurtu du? Ba al dakite berbetan?

Ezjakite horrek normal plantak egiteko aukera eman digu. Ezin arazorik egon, gero eta hiztun gehiago badago (gazteen artean, batez ere) eta administrazioa gero eta euskaldunagoa bada. Bide batez: norbaitek neurtu al du azken lau hamarkadetan zer bilakaera izan duen euskararen erabilerak administrazioaren barruan?

Normal plantak egitearen azken adibidea selektibitateak ekarriko digu, datorren ikasturtean. Jakina denez, EAEn azterketa bera egiten dute ikasle guztiek, ikasi duten hizkuntza-eredua zein den ere. Azterketa hori idatzizkoa soilik da. 2025-26 ikasturtean, selektibitatea aldatu egingo dute… euskal literatura sartzeko. Ahozkoa neurtzea planteatu ere ez da egiten, eta entzumena ez da egingo, EHUk horretarako gaitasunik ez ei duelako. 2026an, entzunezkoa egiteko gaitasun teknikorik ez.

Zoritxarrez, batxilergoko ikasleekin selektibitateko edukia baino ez ohi da landu. Zer ez da sartuko? Bada, erabilera handitzeko beharrezkoak diren trebetasun biak: ahozko adierazpena eta ulermena.