argia.eus
INPRIMATU
Magda Oranich i Solagran
“Ezin ahaztu dut Txiki azkenekoz besarkatu nuen momentu hura”
  • 50 urte dira Francoren diktadura garaiko azken bost fusilamenduetatik. Jon Paredes, Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta Sánchez Bravo, Humberto Baena eta Ramón García Sanz FRAPekoak. Txikiren abokatuetakoa izan zen Magda Oranich, mende erdia eta gero ere, gogoan du Jon Paredes, soinean darama beti haren argazkia.

Miel Anjel Elustondo 2025eko irailaren 04a
Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SAZaldi Ero / ARGIA CC BY-SA
 Magda Oranich i Solagran, Bartzelona, 1945

Abokatua eta politikaria. Salvador Puig Antich eta Jon Paredes Txiki defenditutakoa. 1992an Kataluniako Parlamentuko diputatu izan zen eta 1999an Bartzelonako zinegotzi. Iniciativa per Catalunya, CiU eta Junts per Catalunya-ko kide izan da. Giza eskubideen, feminismoaren eta animalien babesaren aldeko aktibista da, eta ACNUR Katalunian eta Barcelona futbol taldearen zuzendaritzetakoa ere izan da. Qué es el feminismo (Feminismoa zer den) eta Ganes de viure, la meba lluita contra el cancer (Bizitzeko gogoa, minbiziaren aurkako nire borroka) bezalako liburuak idatzi ditu.

Carme Puig Antichekin mintzatu ginen lehengo maiatzean (ARGIA, 2916 zk.). Haren anaia Salvador defenditu zuen abokatu taldekoa izan zinen.
Eta ez dut inoiz hura ahaztuko. Irailak 25 zituen batean, guardiako epaitegira eraman zituzten atxilotuak. Poliziak, urduri. Ni hantxe nenbilen, bestelako afera batzuk zuzendu nahian, eta zalaparta eta aztoramen hura ikusi nuenean, zer zen galdetu nuen. Kezkatzekorik ez zela esan zidaten, lapurreta bat besterik ez zela izan. Salvador [Puig Antich] ez zegoen atxilotuen artean, zaurituta zegoela eta [Bartzelonako] Ospitale Klinikora eramana zutelako. Neure abokatu-lagunei hots egin nien –Josep Oriol Arnauri, besteak beste–, eta esan nion saltsa hari politika usaina hartu niola. Oriol, lehenagotik, Puig Antichen arreba baten adiskide laguna zen, eta lanean hasi ginen berandu baino lehen.

Ez zenuten heriotza-zigorrik ez antzekorik buruan.
Ez hurrik eman ere! Hamar urte ere baziren inor hiltzen ez zutela. Ordena Publikoko Auzitegia 1963an eratu zuten, eta behin ere ez zuen heriotza-zigorrik eman. Francok inor hil nahi zuenean, lege antiterrorista bat asmatu eta auzitegi militarrera zuzentzen zuen kasua, non errekurtsoa jartzeko aukerarik ez baitzegoen. Eta halaxe egin zuten Salvadorren kasuan. Ez zegoen auzitegi militarrera jotzeko arrazoirik, Salvadorren eta kideen aferan militarrik inplikatuta ez zegoelako: ez Salvador zen militarra, ez atxilotu zuten poliziak ziren militarrak, ez delitua zen militarra. Salvador akabatu nahia zen, besterik ez. Itxura txarra hartu nion, hasieratik.

Ez zenbiltzan oker, nonbait ere. Irakurria dudanez, kartzelan zeunden Salvador defenditzen hasi zinetenean…
Bai, eta hargatik ezin izan nuen zuzenean parte hartu Salvadorren defentsan. Urriaren 28an atxilotu ninduten, 113 lagunekin batera. [Johan] Cruyff futbolariak Barçan jokatu zuen lehen partidaren egunean atxilotu ninduten. Zenbait hilabete preso eduki ninduten eta, hurrena, berriz, aita hil zitzaigun bihotzekoak jota; 57 urte zituen. Kartzelatik irten nintzeneko, aginduta zeukaten Salvadorren kontrako gerra-kontseilua hasteko eguna: urtarrilaren 8a.

Inoiz esan izan duzu abokatu bezainbat, edo baino gehiago, Gurutze Gorrikoak zinetela.
Bai, esan izan dut, esan izan dudanez! Hura diktadura gorria baitzen! Eta, diktaduran, epaia aurrez erabakita dago, kondenatua hiltzea beste asmorik ez dago. Orduko hartan, are okerrago, Carrero Blanco hil zuen ETAk [1973, abenduak 20]. Ni kartzelatik irten eta Salvador ikustera joan nintzenean, berak esandako hitzak ditut gogoan: “Carrero hil dute, eta ni ere bai!”. Argi eta garbi ikusi zuen zer zetorren. Mendeku hutsa! Carrero Blanco ETAk hil zuen, baina diktadurak ez zuen bereizketarik egiten inor hil behar zuenean. Hil zuen Salvador, hil zuen Txiki, eta hil zituen gainerako fusilatuak.

Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Txiki, Jon Paredes Manot. Hura ere defenditu zenuen, zeure senar Marc Palmés defuntuarekin batera. 
Agorrila zen, eta oporretan ni, Kopenhagen. Hala ere, aldian behin Bartzelonako bulegora hots egiten nuen, zer edo zer ba ote zen galdezka. Haietako batean, Juan María Bandrésen deia jaso nuela jakinarazi zidaten, hari urgente hots egiteko, alegia. Eta hots egin nion, eta gazte bat zuela Bartzelonan, defenditu beharrekoa. “Ez estutu, Magda, larririk ez, ez da buruzagietakoa”, oroitzen naiz esan zidala. Baina ez zegoen jakiterik, diktaduran eta orduko agintariekin inoiz ez zegoen jakiterik. Eta, efektibamente, halaxe izan zen. Oporrak bertan behera utzi eta etorri nintzen Bartzelonara, Txiki ikustera, zuzenean. Inkomunikatuta zeukaten, ordea, eta ezin zenbait egun igaro arte berarekin hitz egin. Oker ez banago, agorrilaren 21ean altxatu zioten inkomunikazioa.

 ‘Nire semea!’, aieneka ama, 
eta Txiki, betiko iltzatuta 
gelditu diren hitz 
haiek esanez: ‘Euskaldun guztiak zeure seme 
dituzu, ama!’. Latza!”

Eta? Orduan zer? 
Sumarioari ekin behar! Hasteko, sumario gizenkote bat zeukaten; ondradua, gero! Eta, hurrena, berriz, sumario txiki bat egin zuten handik, ez hamar orrialde baino gehiagokoa. Ustezko delitu airean erraz epaitzeko moduko bat, atera zuten sumario loditik. Desglosatu egin zuten, alegia. Model kartzelan egon nintzen Txikirekin, eta oroitzen naiz negarretan irten nintzela, ur garbia bezain garbi ikusi bainuen Txiki ere hil egingo zutela. Ordurako, Puig Antichen esperientzia lazgarri hura ere barruan neraman. Banekien Francok aurrera egingo zuela fusilamenduekin, batean eta bestean hilko zituela militanteak, eta ez zuela Katalunia hildakorik gabe utziko. Eta Burgosen (Espainia) fusilatu zuten Otaegi, eta Madrilen FRAPeko hiru kideak, eta Cerdanyolan Txiki. Izugarrizko izugarrikeria! Kontatuko zizun Mikelek [Paredes Manot], Txikiren anaiak.

Ezin ahaztu! (ARGIA, 2659 zk. 2019ko iraila)
Elkarrekin izan ginen garai hartan. Amak ez zuen beti semea ikusteko barrurik izan, eta entenditzen dut. Amaren negarra! Lehengo batean, haren [ama] gutun bat azaldu zitzaidan paper artean! Izugarria. Mikelek ere gorriak ikusi zituen, trantzea ez zen inorentzat gozoa izan, eta are gutxiago Mikelentzat, bertatik bertara ikusi baitzuen nola fusilatu zuten anaia. Eta, dena, hilabete batetik bestera gertatu zen! Eta gauza zeharo azkartu zen irailaren 15ean Txikiren kontrako epaiketa sumario izatetik sumarisimora aldatu zutenean. Epaiketa militar sumarisimoak esan nahi zuen prozesuaren faseak gogoak emanda bezala saltatuko zituztela, di-da batean erabakiko zituztela gauzak: marko osoa ikusten hasi nintzen. Etsigarria zen.

Marko osoa? 
Bai, bada! Madrilen Paquita Sauquillo-eta ari ziren FRAP-ekoak defenditzeko lanean, eta noiznahi mintzatzen ginen telefonoz, goizeko lauretan igual!, inork ez baitzuen ganoraz lorik egin garai hartan. Batak besteari esaten genion: “Hots egin halakori, ea inori ezer bururatzen zaion!”. Nahizu-nahizu hitz egiten genuen, goizeko ordu txikietan ere, gauzarik normalena balitz bezala; gainera, batzuek eta besteek lehendik ezagutzen genuen elkar. Nerbio-tentsio ikaragarria genuen —“estresa”, esaten da orain—, hura infernu gorria baitzen! Behintzat, baten batekin hitz egin!

Zer oroitza duzu epaiketa sumarisimo hartaz?
Puig Antichen epaiketaren eskarmentua genuen: froga guztiak ukatu zizkiguten, balistikoa eta gainerako guztiak. Militarrek ez zuten gure defentsaren frogarik aintzakotzat hartu, jakina. Airean egin zuten epaiketa: goizean hiru ordu, arratsaldean pare bat, eta kito! Heriotza-zigorra zegoen jokoan, baina haiei bost! Eta, justu, horixe izan zen gure estrategia, gauzak atzeratzen saiatzea. Eta zer edo zer atzeratzea lortu genuen. Kasu egin ziguten errekurtso txiki baten kasuan –txorakeria bat zen, finean–, beren buruak zuritze aldera-edo. Horrek, dena den, astebete atzerarazi zuen kontua. Epaituak zeuzkaten Madrilekoak eta Otaegi, eta Txikiren epaiketa burutu zain egon ziren, zeren denak batera fusilatzeko obsesioa baitzuten, nahiz bataren kasuak ikustekorik ez izan bestearenarekin. Baina obsesio huraxe izan erregimen diktatorialak!

Ezagutu ez duenak ez daki zer den diktadura…
Ezta epaiketa militarra zer den ere. Haien ezpata eta gainerako parafernalia! Hala ere, hitz bat esan behar dut epaile haien presidenteari buruz. Txiki han, eta ama ere epaiketa-gelan, porru eginda, lur jota. Saioa bukatu, eta amak semea besarkatu nahi izan zuen. Ordu arte, ezin izan zuen ikusi ere egin! Semea besarkatu nahi, eta Txiki zaintzen zuten militarrek amari ezetz. Orduan, epaileen mahaia gidatzen zuen presidenteari joan nintzaion, amari semearekin tarte bat egoten uzteko eskatzeko. “Andrea, horretan arrazoi emango dizut!”. Eta polizia militarrari agindu, eta egon ahal izan ziren elkarrekin tarte huraxe; ordu erdia, igual.

"Uste dut alderdi maioritarioek ez zutela 
behar beste egin. 
Ilegalak ziren, denok 
ginen ilegalak, baina 
iruditzen zait PSUC ez 
zela mugitu”

Lekuko izan zinen?
Bai, hantxe izan nintzen neu ere, ez Mikel —uste dut—, eta ez Marc [Palmés], eraikin militarrek erdian izaten duten patioan. Ez dakit momentu hura ez ote zen izan, niretzat, exekuzioa bera baino lazgarriagoa. Ama, hiltzera doan semearekin azkenekoz hizketan! Amak, ez zuela hiltzerik nahi semeari esaka. “Nire semea!”, aieneka ama, eta Txiki, betiko iltzatuta gelditu diren hitz haiek esanez: “Euskaldun guztiak zeure seme dituzu, ama!”. Latza! Beste momentu bat gogorra, Txikiri heriotza-zigorraren berri eman nionean.

Zaldi Ero / ARGIA CC BY-SA

Zeuk jakinarazi zenion?
Bai. Epaiketan, zigor hura eskatu zuten. Ikustekoa zen, epaile haiek denak, militarrak, zutik. Gero, hiltzera kondenatzea erabaki zuten, eta horren berri eman behar izan nion Txikiri. “Ez alferrik, Salvador Puig Antich egondako ziegetan jarri naute”, esan zidan. Izan ere, Model-eko presoen artean oraindik bizi-bizirik zegoen Puig Antichena. Urtea inguru zen ordutik. “Bera eduki zuten tokian sartu naute”, Txikik niri! Beharbada ez zegoen zuzen, ziega guztiak berdinak baitira, baina ez dakit, ez nago seguru. 

Indulturik espero izan zenuten inoiz?
Hori ere bai. Izan zitekeen, bai. Baina sumarioa desglosatzen hasi zirenean, gero epaiketa sumarisimo bihurtzen, militarrak gure froga guztiak ukatzen… Errekurtsoa jarri genuen, ezertarako ez, jakina. Mobilizazioak ere izan ziren, ez Burgosekoak [Burgoseko prozesua, 1970] bezainbestekoak, baina izan ziren. Eta nazioartean ere, Espainiako enbaxaden kontra eraso zion jendeak. Haatik, uste dut alderdi maioritarioek ez zutela behar beste egin. Ilegalak ziren, denok ginen ilegalak, baina iruditzen zait PSUC ez zela mugitu. 
(…)
Edo ez zela nahikoa mugitu. Berdin egin zuen Puig Antichen kasuan. Puig Antich anarkista, eta PSUC komunista, eta badakigu anarkistak eta komunistak inoiz ez direla bata bestearekin gisa onean konpondu. Txikiren kasuan, berriz, biolentziaren erretolika hori dena aterako zuten. Ez dakit. Ni neu ere biolentziaren kontrakoa naiz, baina diktadurak iraun bitartean zernahi defendituko nuen! Ezin ahaztu dut Bartzelonako gobernu militarreko patio hartan, Txiki azkenekoz besarkatu nuen momentu hura! Hitz egin ezazu Mikelekin [Txikiren anaia], esatekoak eta bi kontatuko dizkizu, Cerdanyolakoak-eta! Izugarrizko izugarrikeria egin zuten Txikirekin, ez da beste hitzik. Hala ere, berriz esango dizut, hitz egin Mikelekin.