argia.eus
INPRIMATU
Liburu ktitikak
Bizitzaz eta beste
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2025eko irailaren 03a

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Balea Zuria, 2025

------------------------------------------------------------------

Lierni Azkargortak Anatomia Bertikalak liburuaren aurkezpen saioan esan eta Berria egunkariak jaso moduan irakurri ditut poema gehienak: ozen, ahoz gora, errezitatuz bezala. Ohiko praktika da poesia irakurtzen dudan aldiro, Josune Muñozi entzun eta nik ere errepikatzen dudan aholku bat baita. Eta asko eskertzen da Azkargortaren poemek duten soinua, musikalitasuna, tonua eta erritmoa markatzen laguntzen baituelako.

Liburua lau ataletan banatuta dago eta izenburu guztien protagonista da hiria hitza, hiria kontzeptua: Lo hiria da lehenengo kapitulua eta bihotza eta ilargia, gaua, loa dira atal honetako protagonista. Hiri satelitea da burua edo garuna, bi hemisferiotan banatua. Lorategi hiriak birikara garamatza, arnasera eta horretarako hain beharrezkoak diren loreen izenak eta poemek osatzen dute atal hau: lore zitrikoek, jasminak, algek, eguzkiloreek eta beste. Laugarrenak, Hiri santuak, aortari, gizakion arteria nagusiari, egiten dio erreferentzia eta hemen dira aldarea, fedea, jainkoa, espiritualitatea. Poema luzeak dira oro har, irakurketa bat baino gehiago egiteko eskatzen dutenak. Gainera, liburuan zehar irudi bi aurkituko ditugu, idazleak berak eginak. Poemetan irakurritako elementu, irudi, sinboloak jaso eta laburtzen dituztenak.

Bizirik eta gaixo edo bizirik baina gaixo dagoen ni poetikoaren ahotsak mina du hizpide “Mina. Min industriala” (23. orrialdea) liburu guztian zehar. Gaixorik egotearen zaurgarritasunak sortzen dituen galderak “Zer egin, bizitzeko behar dudan argiak sortzen badu, / ehizatu nahi dudan minaren / itzal txinatarra.”, edo “minak zer nolako forma hartzen duen / ematen zaionarena?" (63. orrialdea), bakardade sentsazioa eta heriotzaren gertutasunak markatzen dute tonua: zalantzatia, beldurtua eta itxaropentsua aldika. Bertikalean, goitik behera eraiki dugun mundu honetan oheko horizontalitatea behar duen gorputzaren ahotsa ere kexu ageri da Lokarturiko eguzki loreak (paradigma berria) poeman adibidez: “Zainetan odola dugula ahaztuko zaigu / eta damutzeko muturregi izango da.”

Humanoa eta inteligentzia artifiziala, natura(la) eta artifizioa, zientzia eta espiritualitatearen arteko tentsioak erakusten ditu liburuak, bata eta bestearen arteko jarraikortasuna erakusten duen aldi berean. Heriotza bizitzaren segida besterik ez den bezala baitira bata eta beste gauza beraren alde bi.