Gizonezkoak ziren gehienak Sanferminetako entzierroetan; gizonezkoak ia denak Frantziako Tourrean; gizonek hartu dute udako musika jaialdietako oholtza eta backstage-a; gizonezkoak dira nagusi bertso-plazetan; gizonezkoak dira Donald Trump, Vladimir Putin eta Benjamin Netanyahu ere. Eta hara, hemendik aurrera, gizon bat arituko da ARGIAko plaza honetan ere idazten: gizon zuri heterosexual bat, 50 urteren bueltakoa, sistemak jaten ematen dion horietakoa. Oraindik ere mundua bitan banatuta ikusten duena: mikrofonoa eta isiltasuna, merkatuaren logika eta komunitatearena, zentroa eta periferia. Eta hori gure aitak aspaldi eman zidala abisu: “Hemen dena ez duk zuri ala beltz, dena duk kafesne koloreko”. Nik ez dakit zenbat dudan kafetik, zenbat esnetik. Areago, kafesne deskafeinatua olo esne epelarekin eskatzen hasi nintzenetik. Azukrerik gabe, noski.
Eta bai, plaza honetan arituko naiz ni ere, progre, autokritiko. Zeri buruz baino nondik idazten asmatu nahian: Gizon zuri, heterosexual, patrikabete euskaldun bat munduari kopla berriak jartzen, euskaratik. Euskarak eman didalako txikitik eragiteko sena; galtzailearen bandoan egotearen sentsazio iraunkorra; mundu eta istorio inposibleak asmatzeko grina; gutxi daukatenen aldamenean egoteko nahia, eta mesfidatiak izatea boterearekin. Badakigu ametsik xaloenek mugitzen dutela mundua, oraindik ere posible eta beharrezkoa dela aldaketa, une zailenetan ere beti baitago aterabideren bat.
ARGIAk ere txikitik eragiten du. Hemen arituko naiz ni ere ipurtargi lanetan, ezinezko bizitzak irudikatzen eta marrazten, mikrofonorik gabekoei entzuten ikasten, mikrofonotik hizketan berriz ere trebatzen. Nire gizontasunagatik inori barkamenik eskatu gabe, baina gizonezkook, sarritan, mundua salbatzeko daukagun obsesiotik askatu nahian.