argia.eus
INPRIMATU
Antzerkia
(Des)eroso
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2025eko irailaren 03a

Marmarra
Dramaturgia: Jon Gerediaga/Atx Teatroa
Zuzendaritza: Atx Teatroa
Noiz: Uztailaren 4an                                                                                                                                             
Non: Lekeitioko plazan

------------------------------------------------------------------

Oilo familiak ez du ulu egiten duen oilarra oilategian nahi; nahasi egiten ditu, deseroso sentiarazi, zalantza sortu eta ezinegona ekarri. Kaiolak puskatzeko ahalegina egin duen bakarra izan den arren, kondenatu egiten dute, baina dena ondo dago.

Oilategian aurkezten dizkigu Atx Teatroak obra honen esanahi guztiak. Protagonistak kaiolatan bizi dira, besoak eta hankak zabaltzen uzten ez dien gelatxoetan. Ez daude eroso eta kexu dira, baina beldurrak paralizatuta ditu. Amak isiltzera behartzen ditu eta dena ondo dagoela errepikatzen die behin eta berriz. Beldurrak paralizatuta ditu. Badakite kanpoan beste zerbait dagoela, badela bide hoberik, ulu egiten duen horrek jarraitu zuena, esaterako, baina beldurrak paralizatuta ditu. Nahiago antsiolitikoak hartu. Eta bitartean, ahaleginak egiten dituzte deserosotasuna eroso bilakatzeko eta sinetsi egiten dute hala bizi direla eta euren etxe hori defendatu behar dutela, gainera.

Hitz egin dezagun, beraz, oiloen hizkeran. Gizakiaren eta gizartearen ezaugarri, akats eta aukerei buruz hitz egiteko animaliak eta kontzeptu abstraktoak erabiltzea erabaki ausarta bezain ederra iruditu zait. “Gizakia zer astakeria egiteko kapaz da bildurragaitik? Edota zer ez dau sekula egingo?”, diote sinopsian. Iritzi publikoak, galerak, epaiak, errepresioak edo zigorrak izan daitezke gizakion munduan paralizatzailea; eta marmarrak entzuten dituen eta mar-mar dabilen giza taldea protagonista, konformatzea eta normalizatzea aukeratzen duena eta kaiola askatzaile bilakatzen duena. Horrela bada, pertsonifikazioak garrantzi handia izango du eta kritikarako espazioa zabaltzeaz gain, gorputz espresioari eman dio indarra eta erabilitako baliabideek izugarri jantzi dute lana: eurek berak eraikitako estruktura bertikal mugikorra, kulunkaria, urez betetako kaxoi transparente bat, maskarak, kantua… Eta guztia janzten duen argiztapena; mundu ilun, misteriotsu eta arraro batera garamatzana eta, zinez, erakargarria.

Atx teatroak badu nigan obra hasi aurretik zirrara sortzeko gaitasuna. Estetika punki eta poetikoaren fusioa interesgarria zait eta batik bat hori horrela izateko hautuak. Antzerki talde honek izaera propioa du eta arkatzek beti dute punta zorroztuta. Agian inor geldituko da oilategian edo inor ausartuko da ulu egitera. Agian soilik otso izan nahi duenak ikusiko du obraren argia eta ulertu, ulu egiten duena akabatuta ere baratze bat egingo dizuela. Ba ote bizi osoa esklabu bizitzea baino gauza beldurgarriagorik?