Euria ari du. Ekaitza. Egun beroegi baten ondorengo bustialdia. Eta tenperatura jaitsiera bedeinkatua. Ez dakit Galizia aldean euririk egin duen azken aldian, ez dakit suteak itzalita diren jada, eta etxetik irten behar izan zutenak itzuli ahal izan diren.
Komunikabideetan zarata besterik ez, erantzukizunei iskin egiteko iskanbila. Arduragabekeria eta zentzugabekeria gehiegi, eta politika serioak faltan.
Datu eta informazio gordina jasotzeko aukera izan dugu, tarteka. Telebistako mahai-inguru txatxu batean ere entzun ahal izan dugu 8 hilabete langabezian pasatzen dituzten suhiltzaile eta basozainak ditugula. Eta, aldi berean, uda garaian gertatzen diren suteak ez gertatzeko neurriak beste 8 hilabeteetan hartu behar direla. Jakin dugu ere datuak ematerako orduan hainbat sute ezkutatu egin dituztela gobernuek, eta Espainiako Estatutik helarazitako azpiegiturak (ere) ez dituztela erabili; pertsonal faltagatik-edo.
Betaurreko berdeak jarrita, baina, berri on batzuk ere iritsi zaizkigu abuztuan. Esaterako, hainbat proiektu eoliko atzera bota dituzte, ingurumenean eta faunan izango luketen eragin negatiboegiengatik. Negatiboegiak diot, azpiegitura eta kontsumo energetikoarekin erlazionatutako guztiak duelako alde negatiboa. Kontsumoa gutxitzea da izan dezakegun berri on bakarrenetakoa, baina ez soilik pobrezia (energetikoa) bizi duten horiena.
Baina nola heldu trantsizio energetikoari? Nola bilatu eragile komunitario, kooperatibo, pribatu eta publikoen arteko elkarlana eta adostasuna? Akaso Debagoieneko “Argitzen” prozesuak lagunduko digu bide horretan. Kontsumo bereziki altua duen eskualdea izanik, azpiegitura energetiko berriei buruz hitz egiteko bakarrik ez, trantsizioaren noranzkoa bera adosteko saiakera hau aurrerapauso handia eta eredugarria izan daiteke. Ea.