Gaztetxo bati lehen mugikor adimentsuak eskaini beharko liokeena zer izan beharko litzatekeen hasi naiz pentsatzen. Nork daki, beharbada ordenagailuetarako Luberri edota Txikilinux sistema eragile libre euskaldunak sortu ziren bezala, mugikorretarako garatu liteke Linage bezalako sistema eragile librerik, gazte eta ez hain gazteentzat pentsatua. Egungo datu ustiaketa dinamika zapaltzaileetatik librea.
Hori bai, argi dut teknologiak ez duela inoiz ordezkatuko maitasuna, hezkuntza eta mugen beharra, korporazio zapaltzaileen atzaparretatik askatuta ere, gizakiok gure artean bortitzak izan gaitezkeelako, eduki zatarrak edozein lekutan sor daitezkeelako eta arreta osoa pantaila aurrean kontsumora bideratuta geratu daitekeelako. Jokabidean hezkuntza berritzen eta pantailetatik kanpo alternatiba erakargarria sortzen jarraitu behar dugu etengabe.
Enpresa munduan asko hitz egin ohi da somenerako suntsipenaz; ideia bera abiapuntu hartuta, egun dugun mugikor adimentsuaren ideia suntsituko nuke, eta dinamika berriak sortzeko aukerak esploratzea proposatuko nuke. Sutara botako nituzke Google aplikazio guztiak: posta aplikazioa, play store, argazki aplikazioa, drive-a, teklatua... Gero zenbait sare sozial erreko nituzke: Facebook, Instagram, TikTok, X... baita honako mezularitza aplikazioak ere: Whatsapp, Telegram. Azkenik, zenbait eduki-aplikazio ere kenduko nituzke: Youtube, Spotify....
Gustura geratu ondoren, gaztetxo batentzat erakargarria den proposamena sortzen hasi beharko nintzateke. Iragarkirik gabeko eta jarraipen algoritmikorik gabeko musika, bideoak, liburuak eta bestelako eduki-aplikazioak izango balitu? Lagunekin hitz egiteko datu pribatutasuna zaintzen eta datu ustiaketarik egiten ez duten mezularitza-aplikazioak izango balitu? Errespetuz eta algoritmorik gabe sorkuntza eta ezagutza balioan jartzen dituzten sare sozialak eskainiko balitu? Sorkuntzarako eta inguruaren esploraziorako kalitatezko tresna digitalak eskuragai balitu? Nik uste halako tresna bat edozein gaztetxok, eta ez hain gaztetxok, nahi izango lukeela.