argia.eus
INPRIMATU
Oin bat paretaren kontra
Xalba Ramirez @xalbaram 2025eko uztailaren 30

Zatitxu 7
Zikin
Mendeku diskak, 2025

-------------------------------------------------------------

Aurten ere, udarekin batera dator Zikinen lan berria, esanez bezala: berdin zait oporrek hartzen bazaituzte Elantxoben, Belaguan edo Copacabanan. Eguraldi onak ez du egoera hobetuko. Ilun dator etorkizuna eta ez zenuke gehiegi deskonektatu beharko.

Orain arteko lan hardcoreena da Zatitxu Fatxa Hori eta erabat asmo-adierazpena da. Nire hardcore artxiboan, El Corazon del Sapo eta Bad Brains dira erreferentzia puntuak. Abiadura, kontrapuntua, erritmo aldaketak eta dinamikak. Instrumentuen sartu-ateratzeak ez dira hain errazak hiru instrumenturekin bakarrik, eta Zikinek nahikotxo lortu du: zortzi minutu eskasetan hainbat dira-eta taldeak sortzen dituen geruzak. Abiadura etorkizunerako arma bat da. Presa daukagu-eta.

Faxismoaren kontra, musika industriaren kontra, estatuen kontra… Zikin talde lekeitioarrak ez du konbentzituko jende asko. Badakizue azken aldian denok gabiltzala nahiko elizkoi. Sinesdunentzako hitz egiten dugula, alegia. Eta batzutan nekagarria da zubi guztiak erreta diruditelako –eta ez iraganeko zubiak, elkarrekikoak baizik–. Baina beste batzuetan zer beharrezkoa den komunitateari fundamentuz hitz egitea, eta inportantea dena erdigunean jartzea. Norbere miseriekin pornografia egiten duten artisten garaian –erruak barkatzeko asmo katolikoz batzuetan, autolaguntzaren bertsio kulturalean bestetan–, paretaren kontra oina paratu eta indar apur bat egitea urjentziazkoa da.

Aurreko lanaren inguruan aipatzen genuen Zikinek euskal lurrazpikoaren maitasuna irabazita duela. Salto txiki bat eman dute, esplizituagoa den lan honekin posizioa markatzeaz gain, ardura politikoa hartuta. Artistaren paperetako bat hori baita, gogoraraztea musikaz gain, bizi dugun kontzertuaz gain, izerditu dugun pogoaz gain, hartu dugun azken zerbeza txuteaz gain, mundu bat dela kanpoan, gure zain, gero eta ilunago.

Zer egin bada? Bi aukera ditugu: gora begira egon edo “zatitxu fatxa hori”.