Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari buruzko azterlanak eta inkestak behatzeko astia hartzea. Horien artean Naziometroa barometro soziologikoa azpimarratzekoa da; izan ere, Euskal Herri osoko datuak ematen dizkigun bakarrenetarikoa da, bakarra ez esateagatik. Funtsezkoa da gai honi guretik begiratzeko ahalegina egitea.
EHUren eta Telesforo Monzon eLab Laborategiaren artean egiten duten inkesta honen azken neurketa, zazpigarrena, ekainean aurkeztu zen. Denbora pasa bada ere, uste dut merezi duela lan hori arretaz irakurtzea; sarean eskuragarri dago. Naziometroaren inkesta guztietan egiten diren galderekin batera –besteak beste, nazio identitateari, erabakitzeko eskubideari edota balizko euskal estatuari buruzkoak– azken neurketa horretan jarrera erreakzionarioei eta herritartasunari buruzko galdera oso interesgarriak ere egin dira.
Lehen ideia bat, Naziometroan bertan azpimarratzen dena: “Inkestak erakusten du Euskal Herriko gizartean tentsio diskurtsibo eta ideologikoak, bereziki bi arlo hauetan daudela: sexu-genero berdintasunean eta mugimendu migratzaileekiko tolerantzian”. Gai gehiagori buruz galdetu arren, jarrera erreakzionarioak feminismoaz eta migrazioez dihardu nagusiki, zeharka agertzen den nazio auziarekin batera. Bi arlo horietan, adinaren araberako desberdintasun nagusiak migrazioekiko jarreran daude, feminismoari buruzko jarreretan baino handiagoak. 30 urtetik gorakoek askoz jarrera itxiagoa erakusten dute migrazioekiko –%40k gaiari buruzko aldeko aldarrikapenak gehiegizkoak direla uste du–, gazteek baino –%22,9k uste du hori–. Adinarekin batera, generoa funtsezko aldagaia da migrazioei buruzko jarreren nolakotasuna zehazteko. Horrela, gizonen %49,7k dio kultura-aniztasunaren aldarrikapenak gehiegizkoak direla, emakumeen %25aren aldean. Bada aldea.
Generoa funtsezko aldagaia da migrazioei buruzko jarreran. Gizonen %49,7k dio kultura-aniztasunaren aldarrikapenak gehiegizkoak direla, emakumeen %25aren aldean. Bada aldea
Jarrera erreakzionarioekin batera, Naziometroan herritartasunari buruz galdetzen da, batere ohikoa ez dena. Izan ere, zein da euskal herritar? Zeintzuk dira euskal herritar izateko baldintzak? Lehen azpimarra: gehiengoarentzat (%60) Euskal Herrian “bizi eta lan egitea” da funtsezko baldintza, definizio historikoarekin bat eginez eta, esan dezagun, lurralde-nazionalismo baten ezaugarriak betez. %21entzat, bere aldetik, Euskal Herrian jaioa izatea da ezinbesteko baldintza euskal herritarra izateko.
Herritartasunaren afera horretan, beste datu batzuk azpimarratzekoak eta, ziur aski, patxadaz aztertzekoak dira. Batetik, “lan eta bizitzearen” irizpidea handiagoa da euskal abertzaletasunarekin espresuki bat egiten dutenen artean (%68,1). Beste behin ere, euskal nazionalismoa eta immigrazioarekiko jarrera itxia lotzen zituen literatura akademikoaren ahuldadea agerian geratu da. Beste aldean, gazteen artean eta Ipar Euskal Herrian jaiotza irizpidea alde handiz gailentzen da: bi kasuetan, %50 inguruk adierazten du euskal herritarra izateko bertan jaioa izan behar dela, batez bestekotik (%21) oso gora. Norberaren esperientziak erantzun hauetan gakoa dira; gazteek, adibidez, harreman askoz zuzenagoa dute migratzaileekin edo haien seme-alabekin adinez nagusiagoek baino.
Azken datu bat: %47k uste du migrazio eskumenak bertako erakundeen esku egon beharko liratekeela.