argia.eus
INPRIMATU
Meloi saltzailea
Coca-Cola
June Fernández 2025eko uztailaren 30

Bilboko 13 konpartsek iragarri dute ez dutela Coca-Colarik salduko Aste Nagusiko txosnetan.  Instagramek albiste horri buruzko Deiaren argitalpena iradoki zidan, eta iruzkinak hiru multzotan sailkatuko dizkizuet: konpartsei isekak, halako ekintzek eraginik ez dutela argudiatuta; kulpabilizazioa, kaltetu bakarrak Galdakaoko Coca-Colako langileak izango direlakoan; eta diskurtso islamofobo eta xenofoboak, hots, “hobe zenukete txosna guneetako lapur atzerritarrez kezkatzea”.

Deiako argitalpenak ez zuen azaltzen zergatik dagoen Coca-Cola Israelgo Estatuaren aurkako boikot kanpainaren jomugan. Bada, ARGIAn Axier Lopezek azaldu bezala, fabrika du multinazionalak Atarot kolonian, Jerusalem ekialdeko lurralde okupatuetan. Ataroteko hozte-sistemaren drainatzearen inpaktua inoiz baino latzagoa da genozidio testuinguruan, Israelgo armadak putzuak eta ur-sistemak suntsitu dituelako. Horrez gain, Coca-Colaren filiala den Tabor Winery upategiak lur okupatuetan ditu mahastiak.

Denbora eta esfortzu handiagoa eskatzen du halako azalpen bat ganoraz irakurtzeak eta liseritzeak, Deiaren Instagrameko titular desinformatzailea irentsi eta, “eman zure iritzia” mezuak akuilatuta, aurreiritziak botatzea baino.

El Salto egunkarian irakurri dut Reuters Institutuko txostenaren hurrengo datua: Espainiako biztanleen %40ak albisteak kontsumitzea saihesten du maiz edo beti. Argudiatzen dituzten arrazoiak: informatzeak kaltetzen duela haien aldartea, nekea, eta gauzak aldatzeko gaitasunik ez dutela uste dutenez, nahiago dutela errealitateaz ez jabetzea.

Ulergarria egin zait: nik neuk, kazetari izanda ere, onartu behar dut gero eta gutxiago kontsumitzen ditudala hedabideak borondatez, eta gero eta gehiago erortzen naizela telefonoak iradokitzen dizkidan clickbait tuntunetan (“Deskubritu zein den Euskal Herriko hondartzarik ederrena Chat GPTren arabera”). 

Horregatik iruzurtiaren sindromea piztu zitzaidan Panoraman zutabea idazteko proposamena jaso nuenean. Erronka polita izan da, narkotizazio prozesu horretatik pixka bat atera nauena eta ARGIAk egiten duen lan paregabea are eta gehiago baloratzera eraman nauena. Zuek bai zaretela ezinbestekoak, kideok, Coca-Cola baino askoz gehiago!