Inoiz Erdi Aroko etxe museifikaturen batean egon bazarete, etxeko altzarigintza egurrezkoa, berniz ilunekoa eta dekorazio landuarekin egina zela konturatuko zineten. Eta etxearen dekorazioari dagokionean, deigarriena da zeinen altzari gutxi zituzten edozein gela motan, baita sukaldean ere. Objektuak gordetzeko pieza gutxi izatean, geletako paretek presentzia handiago hartzen zuten. Nolabaiteko soiltasuna arnasten da, elementu gutxi eta espazioen neurri mugatuan ere bai. Gutxirekin eta txikitasunarekin bizi ziren eroso.
Etxeen izaera eta altzarigintzan aldaketa handia izan da gaur egun etxeek behar duten biltegiratze metroetan. Kontsumismoak etxeak aldatu ditu. Objektu eta gauza askorekin batera bizi gara, eta gainera, ez botatzearen eta metaketaren joera daukagu, edo "badaezpada sindromeak" jota, armairuetan urtetan sekula ukituko ez ditugun objektuak ondo gordeak dauzkagu. Oporraldiak garbiketarako garaia izan daitezke, eta orduan ohartzen gara zenbat energia hil daukagun etxean bilduta eta zenbat kostatzen duen atxikimendu emozionaletik askatzeak.
Mendebaldeko etxe garaikideetan gertatzen den beste fenomeno bat azalera gehiago eskuratzeko desio orokortua da. Etxeari zati bat irabazi zaiola esan ohi dugu. Azaleraren arabera jartzen diogulako prezioa etxeari, handitasunaren arabera neurtzen dugulako etxearen maila soziala. Horregatik, akaso, etxean gela-zulo bat aurkitzeak poza ematen du, espero gabeko oparia bailitzan. Zenbat eta handiago, hobeto.
Karga emozional horiek gainean, zailtasunez aritzen gara arkitektoak azaltzeko, batzuetan altuago eta handiagoa den espazio bat ez dela egokiena; desproportzionatua, desitxuratua edo besterik gabe beharrezkoa ez delako. Baina gehiago izatearen barne desioa handia da eta argudioak argudio, handitzeari uko egitean galera bat dagoela sentitzea oso ohikoa da. Abarizia espazialaren nahasmenduak atzean gordetzen duen esanahi psikologoei galdetu beharko diegu.