Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik ez da, obratze hutsa.
Osasun publikoaren kaltebide den heinean, kezkagarria da igerilekuetako kaka hori, baina are kezkagarriagoa da, lanjerosagoa, simaur digital eta mediatikoa, hain orokortua eta askotarikoa non guztiok bereganatzen baititugu haren zipriztin biralak: intolerantzia gureaz besteko errealitate diferenteei, susmo txarrak gu bezalakoak ez direnekin, geure beldur eta frustrazioak helduleku dituzten amen-omenak, mesfidantzak eta herrak, bestelakotzat jotzen ditugunengana zuzenduak.
Egia da: beti existitu dira halakoak gizateriaren historian, eta segur aski beste garai batzuen eta gureen arteko diferentziarik handiena da halako jokabide eta fenomenoen anplifikazioa (ikuskizun mundiala da orain simaurketa), haien oihartzuna areagotu eta planetarioa bilakatu izana, eta horrek ematen dien erreplikatzeko ahalmena.
Makurra da, edonor bihozgabetzeko modukoa, aurreramendu teknologikoek anplifikazio hori ekartzea eta ez ordea joera kaltegarrien neutralizazioa giza harremanetan.
Pentsa daitekeena baino arruntagoa da jende ustez aurrerakoiongan sustraituak izatea isileko zenbait uste, kasurako, errenta soziala “kanpotarren” pribilegio hutsa dela
Eta oraindik makurragoa da guregan sortzen den apatia eta ezintasun-sentipena, ikusten ditugunean munduko gaizkile ahaltsuenak etengabe erakustaldi arranditsuak prestatzen jokaera okerrenak bultzatzeko jendearengan.
Ez da erraza aurre egitea kaka-pilaketa handi honi, eta tentazioa handia da nork bere burua bere oskol garbi samarrean gorde eta arrastaka egitea aitzin.
Halarik ere, beti eragin dezakegu, pitin bat bederen, modu kolektiboan kontra eginik kaka-ekoizte horren ondorio lazgarriei. Elkartuz eta elkarretaratuz, ekimen komunitarioak sortuz, elkarrekin eta elkarri adoretuz.
Eta, bestalde, banako gisa, geure pentsaeraren digestio-sistema arakatzen ahal dugu, begiratzeko noraino dabilen osasuntsu eta aratz gure gogoa, adibidez, zer-nolako sentipen eta aurreiritzi iraizten dituen gure interes pertsonalak jokoan ikusten ditugunean. Pentsa daitekeena baino arruntagoa baita jende ustez aurrerakoiongan sustraituak izatea isileko zenbait uste eta sinesmen, kasurako, errenta soziala “kanpotarren” pribilegio hutsa dela, edota etortzen diren horiek “gureaz” aprobetxatzera datozela. Kaka-meta handitzen ez laguntzearren…