argia.eus
INPRIMATU
Euskarak Euskal Herria behar du
Ane Ablanedo Larrion 2025eko uztailaren 30
DOM CAMPISTRON

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran euskararen etorkizuna ez daitekeela iluna izan pentsatzeko?

Espainiaren eta Frantziaren okupaziopeko erregimenean bizi garela "gogoratuta" bakarrik, absurdoa da hizkuntzak osasun ona eduki dezakeelako ideia bera, baina datuek ere gero eta argikiago adierazten digute hori hala dela. Frantziaren estatupeko lurraldeetako euskararen egoera tamalgarria da, alarma guztiak pizteko modukoak. Eta Espainiaren agintepekoetan ere halaxe (izango) dela ematen digu jakitera txostenak.

Okupaziopean bizi garela dakigunontzat, euskararen egoeraren larritasuna ez da albiste, egoera horretan hala behar duela gauza jakina delako. Baina autonomismoa habitat nahikoa egokia izan zekigukeela sinetsita zaudetenentzat, ez al zaizkizue datuak jada definitiboki alarmagarriak iruditzen, hizkuntza-politika ausartagoak eskatzea besterik ez egiteko? Eta nori eskatu? Gure kontrako politikaren kudeaketa-lana eman zaien erakundetxoei? Aterabide hori inozoa da, eta aukera hori proposatzea eta elikatzea, arduragabekeria.

Abertzaletasunak hizkuntzaren auziarentzat orain arte proposatutako bidea euskararen garrantzia aldarrikatzea izan da, euskararik gabe Euskal Herririk ez dagoela ohartarazteko. Estrategia horretatik uler daiteke Euskal Herria izenaren esanahia euskararen herria dela gogoraraztea, edota euskalduna hitza erabiltzea euskal naziotasuna adierazteko ere –gentilizio egokiagoa izan litekeen euskotar hitzaren ordez, adibidez–. Helburua da Euskal Herriaren baldintza euskara dela azpimarratzea.

Zein mundutan bizi gara, gure egoeran euskararen etorkizuna ez daitekeela iluna izan pentsatzeko?

Hori egia izanik ere, tranpatia da hortik heldu den logika."Euskal Herriak axola badizu euskara ikasi, euskaraz egin" eta horrela "Euskal Herriak biziraungo du" kontsigna ondorioztatzen da hortik, eta ez da erabat horrela. Hizkuntzaren afera ez dago hautu indibidualen esku, eta euskararen egoeraren ardura ezin da euskaraz ikasten edo egiten ez duenaren gain ezarri.

Hizkuntzak izaki sozialak dira, eta asko dira okupaziopean beti nagusi den diglosiak eragiten dituen disfuntzioak, bai harremanen mailan, nola auto-pertzepzioan, gaitasunean, etab., hizkuntzen bizitzari buruzko oinarriek ongi erakusten dutenez.

Euskara garrantzitsua da Euskal Herriarentzat, noski, baina buruan sartu behar duguna da estatu propioa dela euskarak bizirauteko behar duena; Euskal Herri (independente)rik gabe euskararik ez denez egongo, Euskal Herri independentea edukitzeko estrategia garatzea eta antolatzea dela euskararen alde egin ahal eta behar dena. Hizkuntzaren osasuna, estatu baten hizkuntza nazionala izatetik pasatzen delako.

Ez dira arnasguneak euskarak behar dituenak, gurean oraindik dirauten irlak baino ez direlako, euskal elebakartasun ia erabatekoaren irudia eskaintzen dutenak, eta beraz, ameskeria arriskutsua. Arnasgune hitzari buruz, dena den, oharra: nola liteke euskaraz benetan hitz egiteko aukera-tokiak arnasgune hitz adierazgarriarekin izendatzea, eta hitzak erakusten duen errealitate krudel eta iraingarritik ondorio politiko egokirik ez ateratzea? Arnasgune da, baina ghetto izan liteke, edo indioen erreserbak AEBetan.

Euskarak Euskal Herri (independente)a behar du, Euskal Herriak euskara izaten jarraitzeko. Ekingo al diogu?