argia.eus
INPRIMATU
Ergelkeria
Uxue Apaolaza Larrea 2025eko uztailaren 30

Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.

Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea estafa bat da, eta Daniel Esteve, eta Bukele, eta criptobro, eta bro, eta meritokrazia, eta Torre Pacheco… eta Hernani.

Ergelkeria aspaldiko kezka da. Cipolla eta giza ergelkeriaren bost legeak adibide. Ergelek, dio, besteak kaltetzen dituzte, baina baita beren burua ere. Idiocracy filma desesperazio beretik dator, 2007koa da, eta ikuspegi distopikoa 2505ean marrazten du. Bada, dagoeneko gainditu ditugu adierazten dituen beldur guztiak. Lan horretan ergela gizarte osoa da.

Ergelkeriak eta ergelkeriak daude. Batzuk sakonagoak dira, konplexutasunerako gaitasun urriagokoak; batzuk kaltegarriagoak, ez baitu ondorio bera ergela ni izateak, edo Pradales izateak. Eta ez da gauza bera ergel bat, eta ergel itxurako psikopata bat (gogoratu ergelak bere burua ere kaltetu behar duela). Eta subjektiboa izango da ergelkeria, baina badu oinarriren bat hain halako nahi bagaituzte, hain beren alde bada. Agian, denbora hartu behar genuke aurrera ez jarraitzeko, irakurtzeko, inoren ergelak ez izateko.