argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Lehen mugikor adimentsua
Diana Franco Eguren 2025eko uztailaren 23a

Egungo bizimoduan “pertsona bat gailu bat” mantra bete dela argi dago. Gailu barik ere bizi daiteke, eta oso ondo bizi, baina aukera hori gutxi batzuen luxua eta/edo hautua bilakatu da.

Ezagun batek semeari lehen mugikor adimentsua eman behar ziola-eta, zenbait ardura partekatu zizkidan. Gazteren batekin mugikor adimentsuen inguruan hitz egin beharko banu, honakoak aipatuko nizkioke:

Hasteko, saiatuko nintzateke azaltzen teknologia ez dela neutrala. Horretarako, gizakion arteko bortizkeria/botere dinamiketan arreta jartzera gonbidatuko nuke. Dugun eredu teknologiko eta digital hegemonikoa elkarrekin aztertuko genuke. Gizakion artean sortzen diren arazoak teknologia bidez ez ditugula konponduko argi geratzea bilatuko nuke, gizakion artean konpondu behar ditugula.

Teknologien artean ezberdintasunak direla argituko nioke. Batzuek, errendimendu ekonomikoak eta botereak gidatuta, izaera zapaltzailea berezkoa duten bezala, beste batzuek, ezagutzaren partekatze librean oinarriturikoak, bizitzan hobekuntzak ekar ditzakete, modu etikoan erabiliz gero.

Lagunekin, ikaskideekin, senideekin...digitalki ditugun zenbait harreman osasuntsuak eta esanguratsuak izan daitezkeen bezala, beste batzuek gure bizitzetako ibilbidean eragin kaltegarriak ekar ditzaketela azalduko nioke. Baita digitala erreala dela ere, eta bizitza kakazteko boterea izan dezakeela. Baina errealitatean ez bezala, interes sozioekonomiko edota politikoak eskuratzeko diseinatuak izan diren teknologiek mundu fisikoan baino pertsona gehiagorengana heltzeko boterea dute.

Sorkuntzaren botere eraldatzaileaz hitz egingo nuke berarekin. Indarrak edukiak eta teknologiak kontsumitzera soilik ez, sortzera ere bideratzera animatuz.

Amaitzeko, arretaren botereaz berba egingo genuke, eta pantailatik kanpo modu kontzientean bideratzeak bizitzan botere handia ekar dezakeela adibideekin erakutsi. Hori baita gutako askok pantailaren aurrean hainbeste urte igaro ondoren egin dugun ikasketa handienetariko bat.