argia.eus
INPRIMATU
Nire garuna ote naiz? (I)
Tere Maldonado @teremaldon 2025eko uztailaren 23a
MAIDER LETURIAGA

Antza denez, dualista naiz, izan nahi ez dudan arren. Esaldia bukle bat da: izan nahi ez dudan zerbait naiz, orduan: nor da esaldian ezkutuan dagoen nia, dualista izan nahi ez duena? Edo, alderantziz, dualista dena da, hain zuzen, ni hori (izan nahi ez badu ere)? Nahaspila bat.

Ez dudala dualista izan nahi, diot, dualista antropologikoa zehazki. Hau da, gizakiaz mintzo, ezin dut pentsatu bi substantziez osatuta gaudenik, bata fisiko-materiala eta bestea, esan dezagun espirituala, psikologikoa edo, besterik gabe, ez-fisikoa edo ez-materiala. Ez dut sinesten (ezin dut sinetsi) arima, izpiritu edo antzeko gauzetan: existitzen gara mundura etortzen garenean eta hiltzen garenean existitzeari uzten diogu. Tartean gure bizitza dago, hau da, organismo oso konplexu baten bizialdia, gauza sinestezinak sortzeko gai dena (hala nola sonetoak, erlijioak, partikulen azeleragailua, tortura, opera, bertsolaritza, Olinpiar Jokoak, bakailaoa pil-pilean, albiste faltsuak eta beste milioika gauza).

Bi ohar. Nahaspilaren zati bat hizkuntzaren errua da, sasiartean sartzera behartzen baikaitu; lengoaia erabiltzen dugula uste dugu, baina bera da gu erabiltzen gaituena. Begira: “gure bizitza” esaten dudanean jada bereizten ari naiz gu eta gure bizitza. Eta ez dakit bereizi ahal diren, zinez. Beste oharra: gauza sinestezinak sortzeko gai izan garela esatean pentsa dezakezu agian zuk zeuk ez duzula horrelakorik egin, baina ez da egia: kantatu duzu inoiz, gezurretan ibili zara, eskolara edo zinera joan? Irakurri duzu (berdin libururik edo kartelik), hormak pintatu, etxebizitza alokatu, ogia erosi, hileta batera joan, autobusa hartu, hitz bat letreiatu, iraindu, promestu…? Bada, apurtxo bat pentsatuz gero, konturatuko zara oso gauza bitxiak direla, soilik geuk, homo sapiens-ok, egiten ditugunak.

Ez dut sinesten (ezin dut sinetsi) arima, izpiritu edo antzeko gauzetan: existitzen gara mundura etortzen garenean eta hiltzen garenean existitzeari uzten diogu

Bizialdian, homo sapiens espezieko organismoek gorputz hutsak baino zerbait gehiago direlako ilusioa izaten dute maiz (ez dakigu beste animaliei, edo landareei, gauza bera gertatzen zaien). Hiltzean ez baitiogu existitzeari uzten (ez al zuten esan Carl Saganek eta Xabier Letek izar-hautsa garela, finean?), bizirik egoteari uzten diogu, baina hor dago gure gorpua, organismo hila (mikroorganismo bizidun asko biltzen dituena –bizidunak baina inkontzienteak?–), usteldu egingo dena, eta desagertuko dena nahiz eta gorpuzkien zati batzuek denbora luzez iraungo duten, erretzen ez badituzte. Hor daukazue, berriz ere, “gure gorputza”: dualismoa. Baina materialistok ez gara kontraesankor bakarrak, katolikoek, Hausterre egunean, elkarri esaten diote “hautsa zara, eta hauts bihurtuko zara”. Zertan gara? Ez da kristautasuna dualista, ala? Nola hautsa garela? Hori besterik ez?

Dualismo kristauaren aurretik, tradizio oso zaharrek, Europan gutxienez K. a. VI. mendetik, Orfismoak eta Pitagorismoak (askotan zailak bereizten, horregatik tradizio orfiko-pitagorikoaz ere mintzatzen da) nik nahi gabe onesten dudan dualismoa aurre-suposatzen dute. Tradizio horren arabera, arima hilezkorra gorputz hilkor batean bizi da. Tira, ez dut hori sinesten (ezta arimen transmigrazioan eta berraragitzean ere), baina uste dut (badiotsuet, nahi gabe) ez naizela nire gorputzarekin nahasten (agian euskara petoan esan behar nuke nire burua ez dela nire gorputzarekin nahastu behar, baina burua, literalki ulertuta, gorputzaren atal bat denez… jotzen ote du euskarak bereziki materialismorantz?). Tradizio hori, agian esoteriko samarra, nork eta Platonek indartu zuen, pauso bat haratago joanik, gorputza arimaren kartzela dela esanda.