Carmilla
J. T. Sheridan Le Fanu
Itzulpena: maialen berasategi
Erein, 2025
------------------------------------------------------------------------
Literatura unibertsala bilduman argitaratu berri dute J. T. Sheridan Le Fanu irlandarraren 1872ko Carmilla. Maialen Berastegi Catalánek euskaratu du eta hitzaurrea ere egin dio. Banpiroen istorio bat da, baina baditu berezitasun batzuk. Batetik, beldurrezko azpigenero horretako lan aitzindarietako bat da. Izan ere, ezagunagoak zaizkigun J. W. Polidoriren Banpiroa (The Vampire, 1819) eta B. Stokerren Dracula (1897) baino lehenago idatzi zen. Bestetik, banpiroa emakume gazte bat da eta beste emakume gazte batzuk ditu helburu; horregatik, literatur lesbikoaren aurrekaritzat ere jotzen da.
Narratzailea Laura da, bere aitarekin eta haien zerbitzariekin bizi da gaztelu batean, Austrian, baso baten ondoan eta inguruko herrietatik urrun. Berak kontatuko digu zortzi urte lehenago, 19 urte zituenean, gertatu zitzaiona. Bere hitzetan “sekula ikusiriko kreaturarik ederrena” etorriko zaie bisitan, bere adinkidea den neska gazte eder misteriotsua, eta elkarrekin maiteminduko dira.
Beldurrezko narrazioetan garaiko kezkak eta gatazkak agertu ohi dira. Literatura erabili izan da askotan ulertzen ez dena ulertzen laguntzeko, edo debekatutakoaren inguruan jarduteko. Kasu honetan, hitzaurrean irakur dezakegunez, egileak 1840 eta 1860 urteen artean arreba, emaztea eta ama galdu zituen eta heriotz giro horrek eta kristautasunaren erru sentimenduak eragin zuten bere idazteko eran, pertsonaietan eta gaietan. Gainera, garai hartan “emakume viktoriar zintzoaren eredua” arrakalatzen hasi zen, Berasategiren hitzetan.
Baina lan honetan azpimarratu nahiko nukeena da maitasun erromantikoaren mitoa. Interesgarria da banpirismoak sinbolizatzen duen desiraren eta iluntasunaren arteko harremana. Oso argi agertzen dira maitearekiko obsesioa, maiteen arteko fusioa, borondatearen ezabaketa eta sufrimendua:
- Hiltzeko zorian izan zinen?
- Hiltzeko zori-zorian, bai... Amodio krudel bat zen... amodio arraro bat, bizia galaraziko zidana. Maitasunak ezinbestean eskatzen baitu sakrifizioa. Eta odolik gabe, sakrifiziorik ez.
Hona liburu hau irakurtzeko gomendioa: negu ekaiztsuan gauez, ahal dela ahoz gora elkarri, txandaka, jada ezagutzen dugun Drakularen beste bertsio bat ezagutzeko.