argia.eus
INPRIMATU
Mutualitateen itzalean: langileen osasuna mehatxupean
Endika Alabort Amundarain @autogestioa 2025eko uztailaren 23a

Demagun zure laneko giroa kaxkarra dela. Lan gehiegi dago, baina ez da kontratazio berririk egiten edo, egiten bada, eskasa. Lankideen arteko harremanak ez dira batere osasuntsuak, eta mobbing horizontala eta bertikala edozein momentuan hedatu daiteke. Oso estres maila handia daukazu. Agian estresa baino gehiago. Eztanda egin baino lehen, medikuan ordua hartzen duzu. Zure familiako medikura zoaz eta artatuko zaitu.

Mediku horrek egiturazko arazoa konponduko du? Ez. Arazoa enpresan dago, enpresaren antolakuntzan, lan giroan, kulturan, beren lehentasunetan. Hori da lantokietako eguneroko ogia. Mediku horrek baliteke kontingentzia arruntengatiko baja luzatzea. Eztanda ez egiteko. Enpresak modan dagoen hitza erabiliko du, “absentismoa”. Baina erabaki horren atzean dagoena lan osasuna bermatzea da, dagoen legedia aplikatuz. Mediku horrek jarraipena egingo dizu, eta hobeto zaudenean, berriro lanera bidali. Agerikoak dira osasun-sistema publikoak dituen gainkarga eta gabezia ugari. Baina, momentuz, lehentasuna gaixoaren osasuna da.

Orain, imajina ezazu osasun sare publikoko medikua izan beharrean, mutualitate bateko medikua dela. Nahiz eta, teorian, mutualitate hori independentea eta irabazi asmorik gabekoa izan, enpresarekiko duen harremana oso estua da. Ezaguna da nola laneko bajak laburtzen dituzten, langilearen osasun interesen aurka. Baita lan gaixotasunak gutxiesten dituztela ere. Enpresekin batera, sendatze prozesuetan langileak estutzen eta hertsatzen dituzte.

Proposatzen ari direna osasun-sistema duala da, lan arloko osasuna patronalen mutuen esku uztea. Osasun-sistema publikoa, azpi finantzatua, bigarren mailakoa, txiroentzat izango da

Pirinioetatik hegoaldera, lanekoak ez diren bajen tratamendua mutualitateei eskualdatzeko mehatxua dago. Hasteko, traumatologia-bajen eta tratamendu terapeutikoen proba diagnostikoak Gizarte Segurantzaren mutualitateei eskualdatzea mahai gainean jarri da, berez, osasun-sistema publikoei dagokiena. Absentismoa aitzakiatzat hartuta, langileen kriminalizazioa sustatu nahi da, kontrol-mekanismoak mutualitateen esku utzita, gaixorik dauden langileak lehenbailehen lan egitera behartzeko. Prozesu hori erabat iluna izaten ari da, herritarrei bizkarra emanda ez esatearren. Izan ere, pribatizazio horrekin (batzuek, ironia gutxirekin “kontratazio publikoa” deitzen dutena), osasun publikoak pairatzen dituen arazo guztiak ederki konponduko lirateke, bultzatzaileen arabera.

Osasun-sistema publikoa pribatizatzeko interesak ugariak dira. Enpresen partetik, eurek izendatzen duten “absentismoa” errotik murrizteko langileen osasun eta lan eskubideak zapaltzeko, mutualitateen laguntzarekin. Hots, gaixorik lanera joanda irabaziak handitzen jarraitzeko, langileen gaineko kontrol autoritarioaren bitartez. Mutualitateen partetik, sektore publikotik negozio puska bat jasotzea, eta osasunaren kontrola bereganatzea. Gobernuen aldetik, administrazio publikoan gertatzen den “absentismoa” murriztea, eta osasun publikoaren fardela beste bati pasatzea.

Proposatzen ari direna osasun-sistema duala da, lan arloko osasuna patronalen mutuen esku uztea. Osasun-sistema publikoa, azpi finantzatua, bigarren mailakoa, txiroentzat eta margenetan daudenentzat izango da. Lan arloan, osasuna esku publikoetatik urrunduko da, eta erakunde pribatu batzuen esku utzi, mutualitateen esku. Langileentzat dakartzan ondorio beltzekin.

Ospitaleko zerbitzu bat ixten dutenean, neurri horren aurkako herritarren erantzuna irmoa izan ohi da. Mutualitateen kasuan are larriagoa da, isilpean egiten ari dira, guztion osasunaren aurka.