argia.eus
INPRIMATU
Martxa eta burujabetzak
BeƱat Irasuegi Ibarra @birasuegi 2025eko uztailaren 23a

Madalenetan murgilduta gaudela irakurriko duzue askok artikulu hau, bestela ere pentsatu gure etorkizuneko egunerokoan, jai giro herrikoiak aurrez irudikatzen duen herria baita urte osorako desio dugun herri eredua, deskantsu pixka bat gehiagorekin, noski. Badira urte batzuk Orereta/Errenterian Madalenak herria egiten duten egunak direla esaten hasi ginela, asmo komunitario bezala, egun bereziak eguneroko bihurtzeko desioz.

Baina asmo politikotik errealitate materialera lurreratzean, desio eta asmoak betetzen ote dira? Azterketa sakonik egin beharrik gabe, berehala ikusiko dugu ezetz. Kontsumo eredu hegemonikoa gailentzen da festa giroetan; edari eta janari kontsumoa tokiko ekoizleen ikuspegi bazterrekoarekin, agendarako komunikazio tresna komertzial eta toxikoen erabilera gero eta esklusiboagoarekin, kultur proposamenaren estandarizazio eta sold out ereduekin, herrigintzan errelebo faltaren ordezkapen instituzionalizatuarekin, edo jai-ekonomiaren merkantilizazioarekin, Ticket Bai ezartzeko argumentuak horren adibide onak dira.

Jai eraldatzailearen bidea ere egin da; feminismoak jai giroko harremanetan egin duen borrokarekin, herri eta auzo askotako kontsumo proposamen burujabeekin

Hala ere, azken urteotan jai eraldatzailearen bidea ere egin da; feminismoak jai giroko harremanetan egin duen borrokarekin, EHZ bezalako eredu proposamen integralarekin, herri eta auzo askotako kontsumo proposamen burujabeekin. Gure herrian ere Madalenak herritartu dira, tradizioak eraldatuz herritar guztientzako jaiak izateko, gozamenean eta antolaketan.

Jaietan irudikatu eta landu nahi ditugun burujabetza borroken ebakipuntuetan dugu lanketan jarraitzeko eremu erraldoia. Lelo berri bat proposatzen dut, martxa eta borroka klasikoan oinarrituz, martxa eta burujabetzak plural eta materialera aldatuz.

Borroken metatzetik abiatuz, oinarri feminista, ekologista, antirrazista eta euskaldunetik, jaietan ere burujabetza materialak erdigunean kokatuz; kultura kooperatiboa programazioan txertatuz, eredu ekonomiko komunitario-kooperatiboarekin, baliabide eta espazio publikoen kudeaketa komunitarioarekin, belaunaldi arteko antolaketarekin, komunikazioa tresna libre eta irisgarriekin eginez, lan boluntario eta profesionala duintasunez egiteko baliabideekin, energia, elikadura, musika, ardoa eta festarako beharrezkoa dena burujabetza irizpideekin hornituz.

Jaiak denontzat bizigarri, irisgarri eta eroso izateko, borrokak eta burujabetzak gurutzatu behar ditugu, izan nahi dugun herria eta komunitatea ospatzeko.

Gora etorkizuneko jai burujabeak, gora Madalenak!