argia.eus
INPRIMATU
Iturengo arotza eta arte birziklatua
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko uztailaren 25
Benvenuto Cellini eskultoreak eztainuzko baxera urtu behar izan zuen Pertseo Medusaren buruarekin (c. 1554) eskultura ezaguna bukatu ahal izateko.
Benvenuto Cellini eskultoreak eztainuzko baxera urtu behar izan zuen 'Pertseo Medusaren buruarekin' (c. 1554) eskultura ezaguna bukatu ahal izateko.

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen joareak egiteko, kanta herrikoi ezagunaren arabera:  

Iturengo arotza Erramun Joakin,
Haserre omen zaude, zeren dugun jakin,
Santurik ez daiteke fiatu zurekin,
San Kristobal urtuta joareak egin.

Sakrilegio hura egitekotan, Joana Marirekin ezkonduta zegoela egin zuen, kantaren azken estrofan aipatzen baita emaztearen izena. Egitekotan diogu birziklatze ekintza horren frogarik ez dagoelako. Andres Iñigo euskaltzainak Sunbili buruz ezagutzen dena bildu zuen 2021ean (Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 95). Badakigu Montevideora (Uruguay) joan-etorrian ibili zela gaztetatik eta han hil zela 65 urte zituela. Haren testamentua ere ezagutzen da; Iturengo behartsuei 1.000 peso utzi zizkien eta horiek kudeatzeko fundazio bat sortu zuten herrian. Bitan ezkondu zela ere jakina da, eta sei seme-alaba izan zituela. 

Baina San Kristobalen eskultura urtu izanaren frogarik ez dago: salaketa ofizialik ez zaigu iritsi

Baina San Kristobalen eskultura urtu izanaren frogarik ez dago: salaketa ofizialik ez zaigu iritsi. Gainera, eliza eta ermitetako santuen irudiak zurezkoak edo pastazkoak izan ohi ziren, ez metalezkoak. Ituren inguruan, Urrozen, bada San Kristolan izeneko ermita bat, baina han San Antonioren eta San Migelen irudiak besterik ez daude. Agian, Erramun Joakin Sunbilek ermitari izena eman zion santuaren jatorrizko irudia urtu zuelako?

Miraria pisura salduta

Iturengo arotzak egindakoa egia balitz, ez litzateke, inolaz ere, lehen kasua izango. Antzinaroko Zazpi Mirarietako bat, Rodasko Kolosoa, lurrikara batek eraitsi zuen K.a. 226an. Bederatzi mendez 32 metroko estatuaren brontzezko hondakinak hiriko portuan utzi zituzten, 654an musulmanek Rodas konkistatu zuten arte. Edesako judutar bati saldu omen zioten brontzea.

Kristauak ere trebeak izan ziren metalezko artea berrerabiltzen. Erdi Aroaren hasieran, erromatar paganoen metalezko eskultura asko urtu zituzten, besteak beste, beren elizetako kanpaiak egiteko

Kristauak ere trebeak izan ziren metalezko artea berrerabiltzen. Erdi Aroaren hasieran, erromatar paganoen metalezko eskultura asko urtu zituzten, besteak beste, beren elizetako kanpaiak egiteko. Marko Aurelioren zaldizko estatua, ordea, akats batengatik ez zuten birziklatu; kristautasunera bihurtutako Konstantino enperadorea zela iruditu zitzaien eta horregatik salbatu zuten.

Materialen berrerabilerak alderantzizko bidea ere egin izan du: erabilera praktikoko metalezko objektuak ere  urtu izan dituzte, artelanak egiteko. Madrilgo Kongresuko atariko lehoiak egiteko, adibidez, Afrikako Gerran (1859-1860) marokoarrei kendutako kanoien metala berrerabili zuten. 

Celliniren baxera Pertseorentzat

Benvenuto Cellini (1500-15719) eskultoreak, brontzezko Pertseo ezaguna egiten ari zela, arazoak izan zituen: labea hozten ari zen, prozesua etetear zegoen, eta aleazioa hobetzeko eztainua behar zuen. Eskultoreak berak bere oroitzapenetan idatziz jaso zuenez, bere baxera ona urtu behar izan zuen Florentziako Piazza della Signorian dagoen artelana bukatzeko.

Finean, objektuen balio sinbolikoaren gorabeherek sustatu ohi dute materialak berrerabiltzeko joera. Metalezko artelan batek balio sinbolikoa galtzen duenean, eta balio materiala gailentzen zaionean, artea beste objektu batzuk egiteko suntsitu ohi da (...) Erramun Joakin Sunbilen kasuan, Iturengoa izanik, joareek santuek baino balio handiagoa izango zuten, nonbait.

Finean, objektuen balio sinbolikoaren gorabeherek sustatu ohi dute materialak berrerabiltzeko joera. Metalezko artelan batek balio sinbolikoa galtzen duenean, eta balio materiala gailentzen zaionean, artea beste objektu batzuk egiteko suntsitu ohi da. Beste batzuetan, erabilera praktikoko objektuak sakrifikatu izan dira materialari balio sinbolikoa eta artistikoa eransteko.
Eta, Erramun Joakin Sunbilen kasuan, Iturengoa izanik, joareek santuek baino balio handiagoa izango zuten, nonbait.