Iritsi da uda. Egunak argi, bero eta luze dira orain, eta kostaldea jendez, sonbrilaz, krema usainez eta doi-doi ulertzen ditugun hizkuntzez bete da. Zuzeneko musikan ere gauzak asko aldatzen dira: mailarik gorenean daudenek makrojaialdietako birari ekiten diote, poltsikoak betetzea xede; maila apalagoan, herri eta auzoetako jaiak martxan direnez, euskal herri osoko plazak beteko dituzte betiko hamabost taldeek, sorpresaren bat edo beste tarteko. Kulturarako eta jaietarako diru partiden zati handi bat eskuratuko dute management enpresa jakin batzuen eskutik aritzen direnek, eta udaletako kultur arloko langile eta politikariak pozik egongo dira beraien herrian 10.000 pertsona bilduko direlako aurten ere. Pozik, nahiz eta haiei ordainduko dieten diruarekin urte osoan zehar emanaldi duinak egin ahalko liratekeen. Bost eguneko oasiak, 360 eguneko basamortuen truke.
Zoritxarrez –edo ez–, oasian ere ezin denek edan. Talde asko, arrazoi bat edo beste tarteko, zirkuitu horietatik kanpo gelditzen dira. Zorionez, gaztetxe eta bestelako espazio eutogestionatuek bizirik mantentzen dute kontrakultura. Horren adibide da Paralelo Zero jaialditxoa, Irungo Lakaxita gaztetxearen, Hendaiako Borderline Fabrikaren eta Hondarribiko Psilocyberen artean sortu dutena. Bi eguneko egitarau ederra, Bidasoaren bi ertzetan. Gu larunbat gauean bertaratu gara Irunera, ikusiko ditugunak beste leku askotan ikusteko aukerarik izango ez dugulakoan.
Gauak lehenengo. Lea Marie Uria eta Naia Burucoak Berlinen zeuden artean ezagutu zuten elkar, eta han sortu zuten proiektua. Estiloari dagokionez, elektronika da, esperimentala oso. Musika, performancea, hitzak, oihuak, denak kontra egiteko eraikiak. Sistemaren kontra, familiaren kontra, inork entzuten ez bazuen ere... baina agian norbaitek entzuten du dio Irratia izeneko abestiak. Horixe erakutsi digute gaur, argi gorrien artean: zapalduta bizi direnei zuzenduriko ereserki sorta, ohiko frekuentzietatik kanpo emititua, baina ondo sintonizatuz gero argi eta garbi entzuten dena.
Gori Gori bigarren. Ainara Gurrutxaga eta Ander Fernandezek osatzen dute talde kosmiko hau. Eta ez, hauek ere ez dira talde arrunta: sintea, klarinete bat, xilofono elektroniko handi bat –nik hala deskribatuko nuke; berez, ez dakit zer den–, ordenagailuan baseak eta bi lagun jendaurrean. Letrak my grandma is a horse, a wild wild horse eta antzekoak. Dibertigarria da. Mamarratxoa eta punka. Irribarrea marraztu digute ikusleoi aurpegian, eta denak hasi gara, ez dakit: trostan? Gaua berez bazen bero, are gehiago goritu dugu giroa. Bukatu denerako infernu basa bihurtu da Lakaxita.
Udak baditu, hortaz, bere tasun eta keriak. Izan zitekeen batzuen handitasunak txikikeria batzuk dituela bazter uzten, baina nago askoren handinahikeriak duela definitzen beste batzuen txikitasuna. Handia iraultzen dugun artean, jarrai dezagun txikiaz gozatzen.