argia.eus
INPRIMATU
Zenbait traba eta bide bat
Karmelo Landa 2025eko uztailaren 16a

Gauzak ez dira horrela, baina horrelaxe daude, bai. Euskal erreferente politiko ofizialak Espainiara eta Frantziara begira daude Euskal Herrira bainoago. Estebanek eta Otegik etengabe kontseiluak ematen dizkiote Sánchezi gobernagarritasun modu berriaz eta Espainiako Estatuak hemendik aurrera hartu behar duen norabideaz. Nafarroa Garaian Chiviteren gobernu espainiarzalea zaborretik nola garbi atera bihurtu dute kezka nagusi, eta garbiketa batzorde ikertzailearen buru jarri dira ahalegin horretan. Bitartean, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko EH Bai ere “Face à l´extrême droite” [Eskuin muturraren aurrean] jartzen da frantsesez eta Frantzian, beraz, eta ezinbestean,  Macron, Lasserre eta Melenchon-ekin bat eginda.

Nazio-krisi honen dimentsioa neurtu behar dugu. Euskal Herriko erakunde politiko-instituzionalak, Ipar zein Hego, estatu kolonizatzaile bien mende kokatu dira eta beraien sistema politikoak propiotzat hartu dituzte. Behinola abertzaletzat genituen bi euskal alderdi politiko-instituzional nagusien jokabidea modu sakonean aldatu da. Alderdi jeltzalea praktikan korporazio bihurtu da, eta elite ekonomiko zehatzen zein familia multzo ezagunen zerbitzura jarri da, euskal nazioaren premien gainetik. Horrela soilik uler daiteke EAJren jokabide jarraitua eta aliantza politika praktikoa, gehiengo abertzalearen aukera baztertu eta PSOEren komodina hobestea, “kudeaketa gobernu subalternoak” eratzeko orduan.

Nazio-krisi honen dimentsioa neurtu behar dugu. Euskal Herriko erakunde politiko-instituzionalak, Ipar zein Hego, estatu kolonizatzaile bien mende kokatu dira

Garai bateko ezker abertzalean ere norabide aldaketa sakona gertatzen ari da. Erabaki estrategikoak hartu ditu goitik behera, eta etxe barruan a posteriori kontsulta legitimatzaileak bai, baina kontraste, eztabaida eta alternatiba posiblerik onartu gabe, eta bide horrek estatu biekiko politika subalternora eta jeltzaleekiko des-enpate edo berdinketa-hauste ezinezkora darama etengabe, taktika pragmatista horien esklabo. Paradoxa ere bada, baina jeltzaleek eta bilduzaleek ere bakoitzaren erreferente publiko nagusiak azkenaldian foro publiko espainiarretan sortu dituzte, eta euskal politikan baino espainiarrean jasotzen dituzte txalo gehiago. Bigarrenen kasuan, gainera, ERCrekin aliantza estrategikoa deklaratu ondoren, harekiko bide paraleloa jarraitu dute, agian asimilatu gabe oraindik haien esperientzian gertatua: Generalitateko gobernua lortu zuten, bai, baina ondorioak ez dira izan batere onak. Besteen esperientziatik ikastea komeni izaten da.

Gure nazio-krisiaren dimentsioa ez da, baina, eremu politiko instituzionalera mugatzen. Aitzitik, gizarte arlo zabaletara hedatzen ari da, eta komunikazio, ekonomia, zientzia, akademia eta lan esparruetan ere kontuan hartzeko modukoa da. Horietan guztietan zabaldu behar dugu euskal naziogintzarako bide estrategikoa. Nondik eta nola? Naziogintza positiboa garatuz.

Euskal Herrian baditugu indarra, ezagutza eta kemena, horretara jartzen bagara. Gaur bertan gurean dugun mugimendu herritar aktibatua, mugimendu sindikal autozentratua, korronte euskaltzale berrindartua, badira naziogintza positibo horretarako oinarri sendoak. Baina dimentsio politiko ideologikoa hartu behar dute. Eraginkor bihurtu. Nazio estrategia berritua hegemoniko egiteko moduan. Sinergia, elkarlana, bakoitza bere eremutik, baina bide berean kokatzea lortu behar dugu. Antolaketa eta boterea, herritarren eta euskal nazioaren helburu demokratikoen bidean aurrera egiteko.