argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Whatsappa utzi
Diana Franco Eguren 2025eko uztailaren 16a

Ez naiz buruan ideia hau darabilen bakarra, asko gara munduan Whatsapp eta Telegram mezularitza aplikazioak hartzen ari diren botereaz kontziente bide hori jorratu nahi dugunak.

Familia, lagunak, komunitateak, lana, komunikabideak... Mezularitza aplikazioekin dena dugu eskura. Azken urtean, Whatsapp eta Telegram plataformek adimen artifiziala txertatu izanaren dinamika da gutariko askorengan ardura areagotu duena.

Asteburu askotan bikotearekin tortilla pintxoa hartzeko ohitura dut eta aldagai ugari (ez oso modu kontzientean) hartzen ditut kontuan: pintxoa kalitatezkoa izatea, lekuaren garbitasuna, tabernariaren izaera, giroa, prezioa bidezkoa al den, eta zaporea, noski! Erabiltzen ditudan aplikazioetan antzekoa egiten dut, kasu honetan oso modu kontzientean: pribatutasunarekiko duen jokabidea etikoa al den, segurua ote den, jabearen izaera eta bere aplikazioaren negozio ereduak munduan duen eragina zapaltzailea ote diren...

Tortilla pintxoa nonahi dago, eta tabernaz aldatzeak ez du kostu handirik pertsonon bizitzan. Beharbada horregatik lan horretan dihardutenak esfortzu handia egiten dute egunero prezioa, kalitatea, giroa, zaporea... ahalik eta modu onenean eskaintzen.

Aldiz, plataformaz aldatzea teknikoki, gehienontzat, zaila ez den arren, hor sortu dugun dinamika lekuz aldatzea beste kontu bat da. Harreman sareak plataforma horietara lotuta gaituzte, eta Whatsapp eta Telegram utzi nahirik ere, ezin dugula ohartzen gara, lagunak, familia, komunitateak, bezeroak, komunikabideak... ez baititugu bidean galdu nahi.

Mastodon.eus sarean gaia zenbait erabiltzailek atera dute azken asteetan, adi nabil esaten dutenari, aukera ugariren artean hausnarketa irekia egiten ari baitira. Argi dute hau ez dala pintxoak probatzeko tabernaz aldatzea, oso aldaketa esanguratsua dela pertsona askoren bizitzetan, bakarrik hartu ezin daitekeena. Eztabaida sakonean, presa gabekoan, komunitatean hartu beharreko erabakia da, ez dezagun oharkabean boterea esku gaizto batzuetatik okerragoak izango diren eskuetara bideratu.