argia.eus
INPRIMATU
Meloi saltzailea
Torre-Pacheco
June Fernández 2025eko uztailaren 16a

Twerk klasean gertatu zen, Bilbon. Merkataritza-gune batean dago dantza eskola, eta gortinek ez dituzte kristalak erabat tapatzen. Emakumezko lau ikasleok eta irakasleak luzaketak egiten geundela, gure short labur eta top-ak jantzita, bi mutiko hasi zitzaizkigun kristalaren bestaldetik zirikatzen. Ez zituzten 15 urte baino gehiago. Nire ama izaeraz kontziente izan nintzen, nik umeak baino ez bainituen ikusten haiengan; erasoa baino umekeria iruditu zitzaidan. Beste ikasleak, aldiz, amorratuta zeuden. Bata, seguruenik gazteena, altxatu eta oinutsik atera zen dantza eskolatik, mutikoen atzetik korrika.

Bueltatu zenean esan zuen umeek ihes egin zutela, baina itzultzen baziren prest zegoela Poliziari deitzeko. “Ezta pentsatu ere, asko jota segurtasun langileari emango diogu abisua”, erantzun zion irakasleak. Orduan, neska gazteak zera esan zuen: “Ohartu zarete mutil horiek ez direla bertokoak? Bata beltza eta bestea moroa. Hemengo gazteek ez dute horrelako errespetu faltarik izaten”.

Momentu hartan, erabat aldatu zen taldeko giroa. Beste bi ikasleek irmo erantzun zuten: “Horrek ez du zerikusirik, eta mutiko horiek seguruenik bertokoak dira”. Hitza hartu nuen nik orduan: “Eskertuko nuke halako iruzkinik ez egitea nire aurrean”. “Ezta nire aurrean ere”, esan zuten beste biek. Irakaslea mutu geratu zen; beltza da bere bikotekidea eta seme-alabak izan nahi ditu berarekin. Ikaskide arrazista isildu zen.

Pozteko modukoa zen iruzkin arrazistak gaitzespen osoa jaso izana. Alabaina, dantzaldia zapuztu zidan egoerak.  Bereziki iraingarria iruditu zitzaidan, kontuan izanda twerk dantza New Orleanseko komunitate beltzaren ondarea dela, Jamaikako dancehall musikatik eratorria, reggaetoia bezala.

Biharamunean hedabideetan irakurri nuen Santiago Abascal laudioarrak aldarrikatu dituela etorkinen (eta etorkin jatorriko bertokoen) kanporatze masiboak, hurrengo irizpideak hartuta: delitu-egileak, erlijio “arrotzak” inposatu nahi dituztenak eta emakumeak erasotzen dituztenak. 

Diskurtso horren beroaldian, pasa den asteburuan faxistek magrebtar jatorriko mutikoak lintxatu dituzte Torre-Pachecon, Murtzian. Gizon zahar baten kontrako erasoa (ez dago argi bulo bat izan ote den) “etorkinen ehizarako” aitzakia bihurtu dute. Twerk kidea irudikatu dut ultrak txalotzen.