Hondakinak etorkizuneko material berriak dira. Iragarki marketineroa izan daiteke, baina diseinu eta eraikuntzaren ikerketa munduan sormen bideak irekitzeko aukerak ekarriko ditu, dudarik gabe. Europako hondakinen legedia zorrotz jarriko dela iragartzean, nolabait ulertarazten da hondakin industrial eta organikoak zaborrera bota edo erretzen jarraitzea ez dela aukera bat. Drama bat da erabilgarria izan daitekeen materiari erabilgarritasunik ez aurkitzea. Materialaren bizi-zikoaren iraupena eta kudeaketa, eta ekonomia zirkularrean txertatzea, produktuaren kalitatearen parametro bilakatzen dira. Hondakinak hondakin izateari utzi behar diola eta irudimena erabil dezagun eskatzen ari zaizkigu, materiari bizi berriak asmatzeko.
Bio-materialen ikerketa eta prototipatzearen historia-aroan bizi gara, baina ohitura bilakatzen ari da hondakinak material gisa erabiltzea. Arrozaren oskolekin zementu bat eta muskuiluen oskolekin bio-hormigoia. Balearretan poseidon belakia berreskuratzen hasi dira, isolamendu akustiko eta termiko bikaina baita. Belakia, tokiko baliabide bat, arkitektura bernakularrak erabilia baina industrializazioak ezgaitu zuena. Industriak eskaintzen dituen material sintetikoekin liluratu gara ekoizpen eta instalakuntza azkarra bermatu dutelako, kantitate handietan ekoizten delako prezioen jaitsiera handiarekin... baina akaso material merkeen historia-aroa atzean uzten ari gara...
Basque Biodesign Center-ak latxa ardiaren artilea biomaterial bihurtzeko ikerketan dihardu. Ardien ilea baliabide handia da baina garbiketa hain da garestia, debekaturik egon arren artile gehiena erre egiten dela. Artileak espazioko hezetasuna harrapatzen du eta isolatzaile bikaina da, baina oraingoz ez ditu eraikuntzako kalitate eskakizunak betetzen.
Biomaterialekin sortzaileok dugun zeregina zoragarria da, tokikoari so egitea eskatzen duelako sektore desberdinetako begiradak zeharkatuz, hondakinik gabeko fikzioak espekulatzeko.