argia.eus
INPRIMATU
Laranja-paperetan marraztutako boikotak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko uztailaren 16a
Ezkerrean, Pascale Herpe artistak Cerverako emakume grebalarien omenez diseinatutako laranja-paperak; erdian, Palestinako laranja sionisten marka; eta eskuinean, 1970eko hamarkadan Hegoafrikako laranjei boikota egiteko eskatzen zuen afitxa.
Ezkerrean, Pascale Herpe artistak Cerverako emakume grebalarien omenez diseinatutako laranja-paperak; erdian, Palestinako laranja sionisten marka; eta eskuinean, 1970eko hamarkadan Hegoafrikako laranjei boikota egiteko eskatzen zuen afitxa.

Cervera de la Marenda (Ipar Katalunia), 1906. Herriko emakume garraiatzaileak lan baldintza eskasen aurka altxa ziren. Espainiako eta Frantziako estatuetako trenbideen zabalera desberdinak eraginda, garraiatzaileek Mediterraneoko kostaldetik zetozen zitrikoak tren batzuetatik besteetara bizkarrean eraman behar zituzten. Lan gogor haren truke jasotzen zituzten soldata eskasak igotzeko, sindikatu bat osatu zuten eta greba abiatu zuten; Frantziako Estatuko emakumezkoen lehen grebetako bat izan zen –ofizialki Cerbère Frantziako Ekildeko Pirinioen departamenduan baitago–. Protestaldian, emakumeak trenbideetan etzan ziren, zitrikoz betetako bagoiei –eta eskirolei– bidea oztopatzeko.  

Berriki, Cerverako emakume haien omenez, Pascale Herpe artistak laranjak biltzeko erabili ohi diren10 paper diseinatu ditu, eta Sèteko (Okzitania) MIAMen (Arte Xumeen Nazioarteko Museoa) daude ikusgai 2026ko martxoa bitartean, Superbemarché izeneko erakusketaren barruan. Baina erakusketa horretan beste laranja-paper asko ere bildu dituzte, tokian tokiko eta garaian garaiko hainbat bidegabekeria eta boikoten isla direnak.

Erakusketan beste laranja-paper asko ere bildu dituzte, tokian tokiko eta garaian garaiko hainbat bidegabekeria eta boikoten isla direnak.

1948an Jaffan 85.000 palestinar bizi ziren; Israelek bonbordatu ondoren, 3.000 baino ez ziren geratu. Lehenago, britainiarren agintepean, Jaffak polilaborantza baztertu eta laranjaren ekoizpenera mugatu behar izan zuen. 1948an bertan, Israelek Jaffako laranjondo sailak eta ur baliabideak bereganatu zituen eta Jaffa marka erregistratu zuen. Laranja kolonizazio sionistaren sinbolo bihurtu zen, eta, hurrengo hamarkadatan, baita hainbat boikot ahaleginen jomuga ere. Boikota, Desinbertsioa, Zigorrak kanpainak Israelgo nekazaritza esportazioak jasotzeko Sèten –erakusketa antolatu duen hirian– eraiki nahi zuten nasaren aurka egin zuten eta, besteak beste, Jaffa laranjak izan zituzten helburu.

1970eko hamarkadan, apartheid garaian, Hegoafrikako laranja esportatzaile nagusi zen Outspan enpresaren aurkako kanpainak izan ziren nagusi. Urte batzuk lehenago, 1959an, ANCko (Afrikako Kongresu Nazionala) presidente Albert Lutuli Hegoafrikako esportazio guztiei boikota egiteko dei arrakastatsua egina zuen, baina 1970eko hamarkadaren erdialdean laranja ekoizleen gehiegikerien aurkako ekintzak nagusitu ziren. Herbeheretako Albert Heijn supermerkatu kateak Outspanen laranjak saltzeari uko egin zion. Frantzian Hegoafrikako laranjen salmentek %25 egin zuten behera 1975etik 1976ra. Baina hori ez zen laranja-paperetan islatu, beste paper mota batean baizik: boikotera dei egiten zuen kartel batean mutiko beltz baten burua ageri zen, laranja balitz bezala zukutua.