argia.eus
INPRIMATU
Garikoitzen itzala
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2025eko uztailaren 16a

Herria astekariaren ez hain aspaldiko aleak irakurtzea aski da antzemateko Mixel Garikoitzek Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gizarte nagusiki katolikoan utzitako arrastoaren sakonari.

Ibarreko Garakoitxeko semea, bertze ordezkaririk ez du Iparraldeak Erromako Elizaren sainduen izendegian. Zerrenda mardul bereko Frantzisko Xabierkoarekin edo Inazio Loiolakoarekin ikusteko guti, ordea. Etorki noblerik ez odolean; laborari xumeen etxe batean munduratu zen Mixel, sei haurridetan lehena. Haren ondorea ere ez dago horienaren heinean. Bétharramitak urrun daude jesuitetatik, kopuruz eta ospez. Erlijio kontuetan ere ezin parean egon Pirinioek Euskal Herria bereizten dituzten bi aldeak.

Garikoitzek  Bétharram herri gaskoia hautatu zuen, Bearnoren eta Bigorraren arteko mugan, bere Loiola apala paratzeko. Hura hil ondoan, bertze euskaldun batek, Auguste Etxekopar donapaleutarrak, hartuko zuen hark sortu ordenaren gidaritza. Horrek are gehiago sendotuko zuen Iparraldeko jendeak ibartarraren itzalari izan dion atxikimendua.

Ezin harritu  Bétharramgo Notre-Dame barnetegiak Iparraldeko aita-amen artean izan duen arrakastaz. Igande arratsalde guztietan neska-mutilez beteriko autobusa abiatzen zen

Jean-Baptiste Etxeberri euskal idazleak Michel Garikoitz sainduaren bizia eta bertuteak argitaratu zituen 1962an. Junes Casenavek, berriz, San Mixel garikoitz pastorala plazaratu zuen 1994an Donaixti-Ibarren, sainduaren sorlekuan. Haren izena du Kanboko (Lapurdi) elizak, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Errecart laborantza ikasketen lizeoari loturiko ikastetxeak eta Domintxineko (Zuberoa) eskolak ere. Maiatz guztietan erromesaldi jendetsua egin izan da haren sortetxera, Ibarren, inguruko eta are urrunagoko herri euskaldun guztietatik.

Ezin harritu, beraz,  Bétharramgo Notre-Dame barnetegiak Iparraldeko aita-amen artean izan duen arrakastaz. Igande arratsalde guztietan neska-mutilez beteriko autobusa abiatzen zen Donibane Lohizunetik Bearnoko herriraino, Miarritzen eta Baionan geldialdiak eginda. Ortziralean, kontrako bidaia.

Euskal Herriko ikasle horietarik dira, bertze toki batzuetakoekin batera, Frantziako justizian aurkeztu diren ehun salaketa baino gehiagoren egileak. Eraso fisiko eta sexualak eguneroko ogia, nonbait, Bètharramgo ikastetxean. “Depredatzaileendako supermerkatua”, lekuko batek horrela deskribatu du hango egoera. Auzia ez da bart arratsean piztu; lehen salatuetariko batek, Pierre Silviet-Carricart apez muskildiarrak, 2000n egin zuen bere buruaz bertze. Alabaina, orain ari da zalaparta eragiten Frantziako gizartean eta politikan, François Bayrou lehen ministroa zipriztintzeraino. Iparralde tradizionalaren sukaldeetan, lurrikara bat, ikusirik lokatzean Garikoitzen itzala.