argia.eus
INPRIMATU
Espektakuluen tranpa
Iñigo Martinez Peña 2025eko uztailaren 16a

Semea futbol talde batean jolasten da eta, kurtso amaieran jokatutako hamaika torneoren artean, Athletic Cup-era gonbidatu dute bere ekipoa aurten. Txapelketak laurehun talde eta 5.000 futbolari inguru batu ditu; haur eta nerabe, senideak eta lagunak kontatu gabe. Itzelezko muntaia! Futbolaren negozioa, finean, adin eta kategoria guztietara hedatu da; ez da talde profesionaletara mugatzen. Nahiz eta, hori guztia, bizimodu neoliberal orokorrago baten joera baino ez den: bizitza osoa espektakulu eta negozioa izatera murrizteko dagoen joera.

Kontuak kontu, San Mamesen egin zen Athletic Cup-eko harrera. Eta talde guztiek futbol zelaiari buelta eman zioten, publikoa agurtzeko. Ikusleek (mugikorrei itsatsitako eskuekin) eszena une oro grabatu zuten, etenik gabeko musika jarrita aurkezle baten ahots “animotsuak” talde bakoitzaren izena oihukatzen zuen bitartean. Makro jai espektakularra.

Zertarako Athletic Cup-eko espektakulu guztia? Umeen zoriontasunerako, gurasoen entretenimendurako, negozioa egiteko…?

Tamalez, ostiral batean izan zen eta, ostiraletan, auzoko lagunekin geratu ohi da semea. Pilota batekin ibiltzen dira jolasten, parking baten ondoko eta ikuslerik gabeko zelai txikian; glamourrik gabe. Egun horretan, ordea, ez zen auzoan geratu eta estadiora abiatu ginen. Baina, nire harridurarako, ez zuen inolako pozik adierazi. Are gehiago, irteterakoan argi eta garbi esan zuen izugarri aspertu zela. Eta, oro har, txapelketetako partiduak astunak egiten zaizkiola: estrategikoegiak, serioegiak, begiratuegiak. “Nahiago dut gurasoen eta entrenatzaileen begiradatik kanpo jolastu. Askoz hobeto pasatzen dugu auzoko lagunen arteko partidutxoetan”.

Zer pentsa eman zidan: zertarako espektakulu hori guztia? Umeen zoriontasunerako, gurasoen entretenimendurako, negozioa egiteko…? Helburuak helburu, ondorioa asperdura izan zen, eta ez semearena bakarrik.

Bizitzan gauza aspergarriak egon badaude, noski, eta ez daukat ezer berezirik horren kontra. Zein da, orduan, arazoa? Aspertzen garela konturatu gabe aspertzeko eginda daudela espektakuluak. Horregatik, asperdura mota deserosoagoa da, arrotzagoa, horixe bera ezabatzea omen dutelako helburu. Are gehiago, ez baduzu disfrutatzen zure errua da: ez al dakizu ondo pasatzen muntaia erraldoi eta dibertigarri horretan? Agian umeak behar dira “erregea biluzik dagoela” zintzo esateko…

Hurrengo ostiralean, zorionez, auzoko zelaira bueltatu ginen eta espazio komunitario txiki horien garrantzia sentitu nuen. Ea ez diren guztiz disolbatzen espektakulu masiboen izenean… Bizitza, finean, espektakuluetatik kanpo gertatzen delako.